Alberto Barandiaran, III. Tene Mujika bekearen irabazle

Bizkaie! 2008-01-11 15:22   sariak-autortzak

Bost atal izango ditu proiektuak, egilearen kazetari-lanean markau daben beste horrenbeste erreportaje edo kronikatan esan barik itxitako gauzen arrastoari jarraituz, ustez itxita egoan atea zabaltzeko obsesinoaren adierazgarri.

Alberto Barandiaran (Altsasu, 1964) kazetariak irabazi dau Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko III. Tene Mujika bekea, historia hurbila lantzeko proiektuak saritzen dituana. Bost atal izango ditu proiektuak, egilearen kazetari-lanean markau daben beste horrenbeste erreportaje edo kronikatan esan barik itxitako gauzen arrastoari jarraituz, ustez itxita egoan atea zabaltzeko obsesinoaren adierazgarri; obsesino horretatik dator behin-behineko izenburua be: ‘Atea itxi ezinik’.

Hona, labur, bost lan horreek:

‘Higinia Luz Aiestaranen argazki galdua’: Ziraukin (Nafarroan) jaio eta Auschwitzen hildako emakumearen historia, eta kontzentrazino-zelaian egindako argazki galduari buruzkoa.

‘Cordobako senidea’: Argentinako diktaduran desagertutako euskaldunei buruzko ikerketea amaitzekotan zala, Cordobatik egindako deia jaso eban Buenos Airesen (1500 km), beste kasu baten barri emon guran. Ez eutson jaramon egin ahal izan, baina barruan harra geratu jakon.

‘Nicolasa Agirrezabalagaren gurutzea’: Gumersindo Lizarrako kaputxinoak 300 preso baino gehiago konfesau zituan 1937tik 1941era, Zaragozako presondegian. Hareetako bat, bereziki hunkitu ebana, Nicolasa Agirrezabalaga Amuntxategi izan zan, 22 urteko mutrikuarra.

‘Jesus Ulaiarren garaia’: 1979an ETAk hil egin eban Jesus Ulaiar, Etxarri-Aranazko alkatea; 2004. urtean, Basta Ya alkarteak omenaldia egin eutson bere herrian.

‘Martxoaren 11ko bi ordu’: Madrilgo atentaduak gertatu ziran goizean, leherketearen lehen barriagaz esnatu zan kazetaria, irratia piztuta. Lehen kafeagaz deika hasi zan egunkarira, zeozer egin behar zala jaubetuta. Kazetaritzearen mekanismoei buruzko gogoetea proposatzen da bi ordu hareetako kontakizunaren bidez.

Tene Mujika bekea gure hurreko historiaz biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, alkarrizketak, ikerketak... bultzatzeko sortu eben Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak. Lehen urtean Ramon Olasagasti izan zan irabazlea, eta sariaren laguntzaz idatzi eban ‘Mendiminez’ liburua. Bigarren urtean hutsik geratu zan saria epaimahaiaren erabagiz, eta oraintxe aukeratu barri da hirugarren deialdiko irabazlea.

Lorea Agirrek, Elixabete Garmendiak eta Pruden Garziak osoturiko epaimahaiak, aurkeztutako bost lanak aztertu eta gero, Alberto Barandiaran-en proiektua izentau dau irabazle, aho batez.

Alberto Barandiaran (Altsasu, 1964), Historia eta Geografian lizentziatua; 1990etik Euskaldunon Egunkarian lan egin eban, zarratu eben arte, eta gaur egun Berrian dihardu. Argia Saria bi aldiz irabazitakoa (1991 eta 1999 urteetan) eta Rikardo Arregi Saria 1995ean.

Hona hemen orain arte idatzi dituan liburuak:

‘Ez zaigu ahaztu’ (Susa, 1998), euskal jatorriko argentinar desagerrarazoei buruzko kronikea

‘Pasionaria’ (Elkar, 1998). Dolores Ibarruriren biografia.

‘Gaizkileen faktoria’ (Euskaldunon Egunkaria, 2000), Ernest Hemingway eta euskaldunen arteko harremanei buruzko lana.

‘Mundu txikia’ (Susa, 2005), ipuinak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu