Jean-Louis Davant Iratzabalek jasoko dau ‘Agusti Xaho Saria 2007’

Bizkaie! 2007-12-10 10:45   sariak-autortzak

Idazle, euskaltzain oso eta euskera urgazle honek, datorren abenduaren 15ean jasoko dau saria, Atharratzen, Zuberoan egin behar dan sari banaketan.

Idazle, euskaltzain oso eta euskera urgazle honek, datorren abenduaren 15ean jasoko dau saria, Atharratzen, Zuberoan egin behar dan sari banaketan.

Agusti Xaho Kultur Taldeak Jean Louis Davant idazle zuberotarra sarituko dau aurten. Davant, Urrüstoi —Larrabilen jaio zan 1935eko garagarrilaren 5ean eta Zuberoako udalerri horretan bizi da gaur egun. Agronomiako irakasle izana 35 urtez Hazparneko Laborantza ikastetxean, orain erretiroan dago. Zuberoako euskaltzain oso da 1975etik hona. Ezkondua eta familiatua. Davanten idazle ibilbidea sano aberatsa da eta hamaika ekarpen egin ditu arlo horretan. Eleberria, hiru saio, sei trajeria (pastoral), sei olerki liburu, euskerazko zenbait liburuxka, Zuberoako euskalkiari buruzko liburuxkak, euskal olerkiaz, sonetoei buruzkoak, eta, hainbat artikulu idatzi ditu euskal aldizkari eta kazetetan. Trajerien artean aitatzekoak dira, besteak beste, ‘Aguirre Presidenta’ (Arrokiaga, 1995), ‘Xiberoko Makia’ (Sohütan, 2001), ‘Antso Handia’ (Maule, 2004), eta, ‘Xiberoko Jauna’ (Ezpeizen egitekoa 2008an). Olerki liburuen artean, bestalde, ‘Makila Gorria’ (1980), ‘Denboraren aroak’ (Bilbo Aurrezki Kutxa, 1982, Azkue Saria 1981), ‘Nahi gabe’ (Iruñeako Aurrezki Kutxa 1985, Salvador Saria, 1984), ‘Itsasoak Iraultzan’ (Maiatz 1986, 1986ko Azkue Sariaren aipamen berezia), ‘Ihesi’ (Maiatz, 1990), eta, ‘Harri Txintxolak’ (Elkarlanean, 2003) nabarmendu daitekez.

Agusti Xaho Kultur Taldeak urtero saritzen ditu euskal kultura eta euskera urgazle diranak. Aurten Jean Louis Davant sarituko dabe. Ekitaldia Atharratzeko Eleizan egingo da abenduaren 15ean, zapatuan, gaueko 21:00etan. Abagunea aprobetxauta, ondorengo ekitaldiak antolatu dira egun horretarako: aurkezpen ekitaldia Xiberuko Zohardia eta Agosti Xaho Elkartearen eskutik; Bertso Saioa Jean Mixel Bedaxagarren kontu; ‘Agosti Xaho Saria 2007’ sari-emote formala Jean Louis Davanti eta musika emonaldia Pier Paul Berzaitzeren ardurapean.

Hona hemen Xaho sariaz, Jean-Louis Davantek Euskaltzaindiaren egoitzan esandakoak:

'Eskerrik anitz Agosti Xaho elkarteari eta Xiberoko Zohardiari. Ez naiz seguru hainbeste ohore merezi dudala. Txoriak kantatzeagatik zer sari, zer "prima" behar ote du? Opari bat bezala hartzen dut, eta holako bati nork ezetz errango dio? Berriz eskerrik asko. Eskerrak halaber Euskaltzaindiari, gure bilkura hau aterpetzen duelako. Egia da ez naizela hemen arrotza sentitzen. Gainera Euskaltziandiaren bitartez gaurko gaiari natorkio.

Zuberoako euskaltzain oso izendatu ninduen 1975eko otsailean, Aita Lhande zenak estrenatu alkian, Guillaume Eppherre zendu berriaren ondotik. Sartzeko hitzaldia ondoko urtean egin nuen, 1976ko abuztuaren 22an, Mauleko udaletxe ohian. Hor bi zuberotar euskaltzale handi aipatu nituen: Agosti Xaho eta Anton Abadia.

Antoine d'Abbadie jakintsuna irlandar euskalduna zen. Aita Ürrüstoiko zuen, beraz ene herritarra. Bera jauna zen, katolikoa, erregetiarra, eskuinekoa, zuria. Agosti Xaho aldiz, atharraztarra, antiklerikala baino gehiago, antikatolikoa zen, antikristaua orokorki, mazoia, errepublikazalea, ezkerrekoa, gorria, sozialista ere zenbaiten ustez.

Baina biek elkarrekin, euskararen alde lan egin zuten. Bereziki gramatika lan gotor bat elkarlanean agertu zuten 1836an: "Etudes grammaticales sur la langue basque" liburua, Zazpi Uskal Herrietako Uskalduner zuzendua.

Ni kristau fedean Abbadiazalea naiz, politikan Xahozalea, eta hau da 1976tik nire mezu nagusia: euskara bego politikaren gainetik, denon altxorra baitugu, eta haren alde lan egin dezagun denok, gure diferentzia guztien goitik, bereziki Zuberoan. Txiki da Zuberoa, eta euskararen aldetik oso nekez ari. Euskaldun irauteko, denen beharra badu.

Eskerrak beraz Agosti Xaho elkarteari, Bizkaitik eskua luzatzen baitigu lagundu nahian. Halaber Euskaltzaindiari, bere jaiotzetik Zuberoako euskara sustatu baitu hango euskaltzainen bitartez. Eta eskerrak zuen arretaz hemen zaudeten guztioi'.

Jean-Louis Davant

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu