Miren Agur Meabek 'Lauaxeta 2007' saria jaso dau
2007-12-03 14:53 sariak-autortzakSaria emoteko ekitaldiak bat egin dau Euskerearen Nazinoarteko Egunagaz eta, horren harira, ekitaldi soziala egin da Foru Jauregian. Saria Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputadu nagusiaren eta Belen Greaves Kultura diputaduaren eskutik jaso dau Meabek.
Miren Agur Meabe idazle lekeitiarrak Lauaxeta 2007 saria jaso dau Bizkaiko Foru Jauregian, Bilbon, Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputadu nagusiaren eta Belen Greaves Kultura diputaduaren eskutik.
Bizkaiko Foru Aldundiak emondako saria euskerearen alde lan egiten daben persona eta erakundeentzat aintzatespen publikoa izan gura dau.
Euskerazko literaturearen sustapen eta zabalkuntzan egiten dauen lanagaitik, eta, horren barruan, hainbeste genero garatzeagaitik (ipuingintzea, olerkigintzea, eretxi-artikuluak, itzulpengintzea) jaso dau Meabek saria.
Foru erakundetik azpimarratu dabenez, irakurleei jagokenez idazle honek erabateko garrantzia dauka. Beste merezimentu batzuen artean, ume eta gazteentzako produkzino literarioan egin dauen lana saritu da, arlo hori publiko barria erakarteko oso garrantzitsua baita.
Aldundiak orain dala urte bi emon eban lehenengo Lauaxeta Saria. Orduan, Ander Manterolak jaso eban; hurrengo urtean, Orueko Pasiotarren Komunidadeak; eta, oraingoan, Miren Agur Meabek.
Saria emoteko ekitaldiak bat egin dau Euskerearen Nazinoarteko Egunagaz eta, horren harira, ekitaldi soziala egin da Foru Jauregian. Hezkuntza, politika eta kultura arloko hainbat arpegi ezagun hurreratu dira bertara. Euskereak badauka etorkizunik; guk geuk egin behar dogu katea, esan dau diputadu nagusiak egunaren harira.
Miren Agur Meabe (Lekeitio, 1962)
Irakaslea eta euskal filologoa da. Urte batzuetan eskolak emon zituan bilboko ikastola batean baina 1990. urtetik aurrera Giltza-Edebé taldearen barruan euskerazko eskola liburuen edizinoaren zuzendari eta kudeaketa arduraduna da.
Helduentzat zein ume eta gazteentzat idazten dau. 1986an ipuinen bere lehenengo liburua argitaratu eban Uneka... gaba (Labayru) eta, lau urte geroago, lehenengo olerki bildumeak, Oi, hondarrezko emakaitz! izenekoak (Idatz & Mintz aldizkarian argitaratu zan 1999an, eranskin moduan), Lasarte-Oriako udalaren saria irabazi eban. 1997an beste olerki bilduma batek, Ohar orokorrak, Imagina ezazu Euskadi lehiaketako sari bat irabazi eban. Aitatu diran liburu horreetako olerki batzuk erabilita, idazleak bere obra ausartenaren oinarriak eregi zituan: Azalaren kodea olerki bildumea (Susa, 2000; Bassarai, 2002). Liburu horregaz Kritikaren Saria irabazi eban 2001ean.
Umeentzako eta gazteentzako literaturearen arloan ondoko obrak azpimarra daitekez: Itsaslabarreko etxea (Gazteentzako Literaturako Euskadi Saria 2002); Nola zuzendu andereño gaizto bat (2003); Etxe bitan bizi naiz (2003); edota Urtebete itsasargian (2006). Azken obra hori IBBY 2008 dalakoaren ohorezko zerrendan sartzeko proposatu da eta, oraintsu, Gazteentzako Literaturako Euskadi Saria 2007 jaso dau.
Literatura-topaketa askotan parte hartu dau, berbarako Dublin Festival Writers 2003n; Emakume Olerkarien VIII. Nazinoarteko Kongresuan (Gasteiz, 2005); Vjlenica-ko XXI. Jaialdi Literarioan (Eslovenia, 2006) edota Edingurgheko Eisteddfod 2007n.
Lan edo antologia batzuetan beste autore batzukaz batera agertzen da eta bere testu batzuk beste hizkuntza batzuetara eta braillera itzuli dira. Igaz, Euskaltzaindiako euskaltzain urgazle izentau eben.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!