Juan Gelman poeta argentinarrak irabazi dau 2007ko Cervantes Saria

Bizkaie! 2007-11-30 11:13   sariak-autortzak

Saria, 90.450 euro, gaztelerazko literaturan emoten dan garrantzitsuenetakoa da eta hispaniar literaturearen ondarea aberasteko idazle batek egindako lana aintzat hartzen dau.

Juan Gelman poeta argentinarrak irabazi dau 2007ko Miguel de Cervantes Saria, Cesar Antonio Molina Espainiako Kultura ministroak jakitera emon dauenez. Saria, 90.450 euro, gaztelerazko literaturan emoten dan garrantzitsuenetakoa, hispaniar literaturearen ondarea aberasteko idazle batek egindako lana aintzat hartzen dau.

Saria irabazteko hautagaien artean, Ana Maria Matute, Antonio Muñoz Molina, Blanca Varela, Enrique Vila-Matas, Gabriel Garcia Marquez, Juan Goytisolo, Juan Marse eta Mario Benedetti egozan, besteak beste. Igaz Antonio Gamoneda poeta asturiarra izan zan sariduna.

Juan Gelmanek 77 urte ditu eta bere belaunaldiko, 60-70. hamarkadako argentinar poeta sarituena da, izan be, Poesiako Sari Nazionala, Iberoamerikar Literaturakoa, Karibeko Juan Rulfo, Poesiako Pablo Neruda Iberoamerikar Saria eta Iberoamerikar Poesiako Reina Sofia Saria irabazi ditu. Era berean, Gelmanen obrak 10 hizkuntza baino hegiagotara itzuli dira.

Poeta bikain honek ‘Violín y otras cuestiones’ lana argitaratuz ekin eutson literatur ibilbideari 1956an. Kritikearen goraipamenak entzun ostean, besteak beste, ondoko lanak idatzi zituan: ‘El juego en que andamos’ (1959), ‘Velorio del solo’ (1961), ‘Gotán’ (1956-1962), ‘Cólera buey’ (1965), ‘Los poemas de Sidney West’ (1969), ‘Relaciones’ (1973), ‘Carta abierta’ (1980), ‘Hacia el sur’ (1982), ‘Cartas a mi madre’ (1989), ‘La abierta oscuridad’ (1993), ‘Salarios del impío’ (1984-1992), ‘La abierta oscuridad’ (1993), ‘Incompletamente’ (1997), ‘Debí decir te amo’ (antología personala, 1997), ‘Ni el flaco perdón de Dios’ (1997), ‘Prosa de prensa’ (1997), ‘Valer la pena’ (2002), ‘País que fue será’ (2004), ‘Los poemas de Sidney West’ (2005), ‘Oficio ardiente’ (2005) eta ‘Miradas’ (2006).

Miguel de Cervantes Saria urtero emoten da apirilaren 23an —Miguel de Cervantes y Saavedraren (1547-1616) heriotzearen egunean— Alcala de Henaresko (Madril) Unibersidadean. Beraz, 2008ko apirilaren 23an jasoko dau saria Juan Carlos erregeraren eskutik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu