Euskal Kazetarien 2007ko saria jasoko dau Manu Leguinechek
2007-06-15 02:00 sariak-autortzakEuskal Kazetarien Alkarteak (EKE) emongo deutso saria, bizitza osoan zehar eginiko lan-profesional bikaina aintzat hartuta.
Manu Leguineche eskarmentu handiko kazetariak Euskal Kazetarien 2007ko Saria jasoko dau datorren astelehenean Bilboko Ertzilla Hotelean, arratsaldeko 20:00etan hasiko dan ekitaldian. Euskal Kazetarien Alkarteak (EKE) emongo deutso saria, bizitza osoan zehar eginiko lan-profesional bikaina aintzat hartuta.
Orain urtebete eskas aukeratutako EKEren Zuzendaritza Batzorde barriak Euskal Kazetarien Saria sortzea eta aho batez Manu Leguinecheri emotea erabagi orain hilebete batzuk. Saritua arratzuarra da, kazetaria, gerra barriemoilea, Colpisa eta Fax Press albiste agentzien sortzailea.
EKEko iturriek adierazo dabenez, datorren astelehenean, bagilaren 18an, Bilbon, bere lagun eta lankideen eskutik, Manu Leguinechek Nicolas Alba eskultorearen Hitzen ehiztaria izenburuko lan ederra jasoko dau saritzat. Sari banaketearen ekitaldia omenaldi bilakatuko da, euskal kazetariek Manu Leguineche miretsi, aintzat hartu eta estimetan dabela erakusteko. Era berean, ekitaldian beste gizarte eta kirol eragile batzuk izatea aurreikusi da.
Ekitaldian izango diranen artean dagoz, EKEko Batzordeko kideez gan, Fernando Gonzalez Urbaneja Espainiako Kazetarien Alkarteko Federazinoko presidentea; Felipe Sahagun kazetari lanetan Manuren laguna eta kidea; Rosa eta Benigno Leguineche bere anai-arrebak, saria jasoko dabelarik.
Ekitaldian zehar omenaldirako propio grabautako irudiak erakutsiko ditue. Honez gan, alkartasun eta zorion testuak irakurriko ditue idazleek, kazetariek eta kideek, euren poztasuna erakutsiko dabe Manu zorionduz. Era horretara, honako honeen gutunak jaso dira: Miguel Delibes, Javier Reverte, Fernando Gonzalez Urbaneja, Carmen Sarmiento, Juan Cruz, Gervasio Sanchez, Alfonso Bauluz, Rosa Maria Calaf, Lolo Rico, Vicente Romero, Pedro Aguilar, Angel Benito Jaen, Marisa Ciriza eta Angela Rodiciorenak, besteak beste. Kepa Junkera soinu-jolearen ekitaldiak emongo deutso amaierea jaialdiari.
Biografia
Manu Leguinechek berezko estilo erakargarria sortzeko gaitasuna izan dau kazetaritzan emon dituan urteetan, audientzi handien errespetua eta sinisgarritasuna lortuz. Idatzi dituan liburu ugarietan mundu osoan zehar bizitako esperientziak kontetan ditu eta genero barri baten oinarriak ezarri ditu, literatur kazetaritzearen maisu ukaezina bilakatuz.
Baliabide eskasakaz eta gogo biziz, kazetaritza ona egin izan dau bere bizitzan zehar, ondorengo belaunaldietako profesionalen aurrean kalidadezko erreferente bilakatu dalarik. Era guztietako gaiak jorratu ditu, kirolen gainean idatzi dau, musari buruz, persona ospetsuetaz, jazoera historikoetaz, lekuetaz, gudetaz eta abar.
Bere lan anitzen artean azpimarratu beharrekoak dira: La ley del mus (1992), Los años de la infamia: Cronica de la II Guerra Mundial (1995), Adios, Hong-Kong (1996), Annual, 1921 (1997), Yo pondre la guerra (1998), Apocalipsis Mao: una vision de la nueva China (1999), La felicidad de la tierra (1999), Hotel Nirvana (2001), Recordad Pearl Harbour (2001), Gibraltar (2002), Los ojos de la guerra (2002), Madrid de menu (2002), Madre Volga (2003), El ultimo explorador (2004), El viaje prodigioso (2005) eta El club de los faltos de cariño (2007).
Bere lanari esker jasotako sarien artean, Espainiako Kazetaritza Saria, Urrezko Luma edota Cirilo Rodríguez, Godo, Julio Camba eta Ortega y Gasset sariak nabarmendu daitekez.
Gaur egun, Leguinechek autortzen dauenez, jazoerak denpora gehiagoz aztertzea gustetan jako, bertan lekuko izan danaren ikuspuntuagaz. Biziki maite dau mundua eta zera dino: Belendizeko baserritar bakarti eta lotsatia naz, lasaitasuna, isiltasuna eta baserri-munduagaz hartu-emonetan jartea maite dot. Personak askatu eta alkartu egiten ditu landak. Lurraren zoriontasuna da.
Bidaia ugari egin ditu Leguinechek bere bizitzan zehar eta norbera ezagutzeko biderik laburrena munduari birea emotea dala adierazo izan dau. Ames bat paseatzeko bidaiatzen dot, ohiturei eta nekeei iges egiteko. Noizbehinka hobeto dakizu zeri egiten deutsazun iges bilatzen dozuna baino. Bakotxak bere arrazoiak ditu. Funtsezkoa aldarte ona ez galtzea da. Eta, izan ezkero, maitasunik ez galtzea be, esan dau.
Oso hartu-emon sakonak ditu bere sustraiakaz, eta bere herrira, Gernikatik hur, bueltau ez izanaren arrazoiaz itauntzen jakonean honako berbakaz erantzuten dau: Hurrago egoteko da. Gogorra eta ahula naz. Batzuetan nigandik hurago sentiduteko asmoz joan egiten naz, eta horixe bera pasetan jat nire herrialdeagaz be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!