Juan Jose Agirrek jasoko dau aurten Euskal PEN Idazluma
2007-04-17 02:00 sariak-autortzakJuan Jose Agirrek jasoko dau aurten PEN Idazluma 2007, benediktarrek Lazkaon daben Artxibategian 1973tik egindako lanagaitik.
Juan Jose Agirrek jasoko dau aurten PEN Idazluma 2007, benediktarrek Lazkaon daben Artxibategian 1973tik egindako lanagaitik. Artxibategi honetan dagoz euskal kulturearen eta politikearen inguruko dokumentuak, batez be aldizkariak, eskuorriak eta kartelak, eta ezinbesteko erreferentzia da XX. mendeko historiari hurreratzeko orduan, nahiz eta testu zaharragoak be badituan, zenbait inkunable barne.
Lan zehatz eta zorrotzari esker, Agirrek batu ditu, besteak beste, legez kanpo dagozan taldeen argitalpenak. Horren ondorioz atxilotua izan zan 2003an eta hiru egunez egon zan poliziaren esku, libre gelditu arte.
Esan behar da Agirrek bere atxiloketaren autoa eskatu eutsola epaileari haren aurrera eroan ebenean, dokumentu hori be artxiboan gorde nahi ebalako. Epaileak esan eutson dokumentua emon ezkero, barriro egin beharko ebela epaiketea.
PEN Idazluma ez da saria, baizik eta Euskal PENek jentaurrean egiten dauen ekitaldia letren arloan egindako lana ezagutarazoteko asmoz. Agerian utzi nahi da hitz askearen alde egindako lana, edo lan hori burutzeagatik jasandako erasoa.
Juan Jose Agirreri PEN Idazluma apirilaren 19an emongo jako Lazkaoko udaletxean arratsaldeko 20:00etan, eta udaleko agintariez gan, Euskal PENko zuzendaritzeak eta Lazkaoko herritarrek hartuko dabe parte. Ekitaldian, Dionisio Amundarain idazleak egingo dau Agirreren aurkezpena.
Aurtengoa PEN Idazlumaren hirugarren edizinoa izango da. 2005ean Joan Mari Torrealdaik jaso eban, euskal kulturearen alde eta frankismoaren garaiko zentsurearen inguruan egindako lanagaitik. Torrealdai be atxilotua izan zan Egunkaria zarratu ebenean, eta oraindino ez dau lortu bereganatzea bere artxiboaren zati handia. Joan Mari Irigoienek egin eban Torrealdairen aurkezpena.
2006an Harold Pinter idazle britaniarra eta Literatura Nobel saridunari emon jakon PEN Idazluma. Kasu haretan agirian itxi nahi izan zan Pinterrek literatura txokoratuen alde egindako lana, esaterako Mountain Language antzerkilanean hizkuntza kurdoarenalde egindakoa. Idazluma Londoneko bere etxean jaso eban.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!