Xabier Altube eta Miguel Sánchez dira Gabriel Aresti XXIV. Ipuin Lehiaketearen irabazleak

Bizkaie! 2007-03-22 01:00   sariak-autortzak

Xabier Altube aretxabaletarra, ‘Aldaera 01’ lanagaz, eta Miguel Sánchez murtziarra, ‘Ojos de color ámbar’ ipuinagaz, izan dira Gabriel Aresti XXIV. Ipuin Lehiaketearen irabazleak, euskerazko eta gaztelaniazko modalidadeetan, hurranez hurran.

Xabier Altube aretxabaletarra, ‘Aldaera 01’ lanagaz, eta Miguel Sánchez murtziarra, ‘Ojos de color ámbar’ ipuinagaz, izan dira Gabriel Aresti XXIV. Ipuin Lehiaketearen irabazleak, euskerazko eta gaztelaniazko modalidadeetan, hurranez hurran. Lehiaketa hau urtero antolatzen dau Bilboko Udaleko Kultura eta Euskera Sailak, eta irabazle bakotxak 3.900 euro eroango ditu.

Holan erabagi dabe euskerazko epaimahaiak (Leire Bilbao, Lutxo Egia eta Ana Urkiza idazleek osotutakoa), eta gaztelaniazkoak (Pablo González de Langarika, María Maizkurrena eta Sebastiana Rodríguez-ek osotutakoa).

Bestalde, Igor Arroyo iruindarrak, ‘Jaun-andere txit agurgarriok, agur t'erdi’ ipuinagaz, eta Ugao-Miraballeseko (Bizkaia) Goio Ramosen ‘Argazkiak’ lanek eskuratu ditue euskerazko modalidadeko epaimahaiak emondako akzesitak (1.950 eurokoa bakotxa); gaztelaniazko modalidadean, Alcázar de San Juaneko (Ciudad Real) Santiago Caserok, ‘Consuelo’ lanagaz, eta Domingo Alberto Martínez zaragozarrak, ‘El matarife’ lanagaitik lortu ditue akzesitak.

Euskerazko epaimahaiaren arabera, Altuberen ‘Aldaera 01’ kontakizunak ‘oso estilo egokia dauka, erritmoz betea eta metaliteraturatik oso hurrekoa, eta mundu literarioa sakon ezagutzen dauela adierazoten daben hainbat erreferentzia ditu’. Era berean, epaimahaiak testuaren izaera ‘hibridoa’ nabarmendu dau, narrazinoaren, saiakeraren eta bakarrizketearen erdi-bidean.

Gaztelaniazko epaimahaiak honakoa nabarmendu dau modalidade honetan irabazle izandako ‘Ojos de color ámbar’ ipuinari buruz: ‘erabilitako teknikea, lanari darion samurtasuna, protagonistaren emozino eta erreakzinoen olgeta sinisgarria eta narrazinoaren elementuen aukeraketa oso fin eta egokia’. Kontakizun honen egileak, Miguel Sánchez-ek, akzesita eskuratu eban 2005. urtean.

Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketearen 24. edizioan edozein nazionalidadeko egileek hartu ahal izan dabe parte. Ipuinek gai librekoak izan behar eben, originalak, argitaratu bakoak eta beste lehiaketa batzuetan saritu bakoak. Danetara, 294 lan aurkeztu dira gaztelaniaz eta 38 euskeraz.

Igazko edizioan, euskerazko modalidadean Iñaki Aretxabaleta izan zan irabazlea eta gaztelaniazkoan, Amparo López eta Oscar Alonso, ‘Patxadan lo egiteko sekretuak’, ‘Llueve mucho’ eta ‘Encuentro con María Duplás’ ipuinakaz, hurranez hurran.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu