Jokin Zaitegi itzulpen lehiaketea Monika Etxebarriak eta Fernando Reyk irabazi dabe

Bizkaie! 2007-01-23 01:00   sariak-autortzak
Orhan Pamuk turkiarraren ‘Kar’ obrea euskeratuko dabe

Orhan Pamuk istanbuldarraren nobela ezagunena, 'Kar', euskerara itzuli beharko dabe. Obra horretan Turkia erdibitzen daben auzi nagusiak aztertzen dira.

XX. Jokin Zaitegi Itzulpen Sariketea, 2006ko Nobel Sariduna euskaratzeko bekea emon behar ebana, erabagi barri da: Monika Etxebarria eta Fernando Reyren lanak dira irabazleak. Luis Berrizbeitiak, Aingeru Epaltzak eta Itziar Otegik osoturiko epaimahaiak erabagi dau sariak lan horreei emotea. Kutxak eskainitako 9.000 euroko saria jasoko dabe eta laguntzino horregaz egingo dabe lan hemendik eta udagoien hasierara bitartean, liburua 2007ko Durangoko Azokarako prest eukiteko.

Arrasateko AED euskera alkarteak aspaldidanik antolatzen dauen sariketa hau itxuraldatu egin zan 2002an: urtero Literaturako Nobel saria irabazten dauen idazlearen obra bat itzularazoten da orain; honezkero kalean dagoz Imre Kertész hungariarraren Zoririk ez, Urtzi Urrutikoetxeak euskaratua; J.M. Coetzee-ren Lotsaizuna, Oskar Aranak euskaratua; eta Harold Pinter-en antzerki-lanak, Iñigo Errastik itzuliak. Orain, Orhan Pamuk istanbuldarraren nobela ezagunena euskeraz irakurri ahal izango da Elkar argitaletxearen eskutik. ‘Kar’ (edurra), egungo Turkia erdibitzen daben auzi nagusiak aztertzen dituan lana da.

Monika Etxebarria (Deustu, 1963) eta Fernando Rey (Iruña, 1961), lanbidez Nafarroako Gobernuko itzultzaileak dira eta literatur itzulpenetan lan asko egin dabez. Etxebarriak Sartreren lanak eta Reyk Hrabal, Jan Neruda, Tabucchi, Kemal, McCoy, Celati eta Ginsburg idazleenak euskeratu dabez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu