Klandestinidade sasoiko andereñoak, Aranzadi Zientzia Elkartea, Tecnalia, Kepa Junkera eta Txirri, Mirri eta Txiribiton, 2006ko Sabino Arana sariak

Bizkaie! 2007-01-17 01:00   sariak-autortzak

Sariok urtero emoten ditu Sabino Arana Fundazinoak euskal abertzaletasunaren sortzailea jaio zan urteurrena ospatzeko.

Euskerea bizibarritu eta zaintzearren, erregimen frankistearen sasoian klandestinidadean lan egin eben andereñoen kolektiboa; Aranzadi Zientzia Elkartea; Tecnalia korporazino teknologikoa; Kepa Junkera trikitilaria eta Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazo-talde euskalduna dira Sabino Arana Fundazinoaren Patronatu Batzak aukeratutakoak XVIII. Sabino Arana Sariak jasoteko. Sariok urtero emoten ditu Fundazinoak euskal abertzaletasunaren sortzailea jaio zan urteurrena ospatzeko.

Juan Mª Atutxak eta Irune Zuluagak, Sabino Arana Fundazinoko lehendakariak eta zuzendariak, hurranez hurran, adierazo daben legez, Sabino Arana Sarien XVIII. aldi honetan Sabino Arana Fundazinoak Aranzadi Zientzia Elkarteak ikerketa eta dibulgazino zientifikoko hainbat arlotan egindako lana saritu nahi dau, zehatz esateko, Natur Zientziak, Antropologia, Etnografia, Arkeologia eta Euskal Herriaren Historiaurrearen hainbat esparrutan.

Era berean, Sabino Arana Fundazinoak Tecnalia Korporazino Teknologikoaren lana saritu dau, Berrikuntza Teknologikoa sustatuz Euskadiren ekonomi eta gizarte ingurunea garatzeko egin dauen ekarpenagaitik.

Beste alde batetik, Juan Mª Atutxak azaldu du, Txirri, Mirri eta Txiribiton euskarazko lehenengo pailazo-taldearentzako sariak ‘euskal hizkuntzea umeen artean zabaltzen, sustatzen eta ezagutarazoten egindako lanagazko esker ona’ dala.

Sabino Arana Sarien XVIIl. aldi honetako sarietako beste bat, Kepa Junkera bilbotar trikitilariak jasoko dau, ‘nazinoarte-mailan Euskadik dauen musikaririk ezagunenetako bat eta trikitixa joteko moduaren benetako barritzaileak’; Sabino Arana Fundazinoko zuzendari Irune Zuluagak adierazo dauen legez, ‘Keparen konposizinoek, trikitixearen eta beste erritmo eta soinuen nahasketea, unibertsaltasun eta mestizaje ariketa horreek, bost kontinenteetara eroan dabe euskal musika tradizionala’, justifikau dau.

Sabino Arana Fundazinoak baita nahi ditu saritu ‘klandestinidade eta jazarpenezko erregimen batean gure kultur nortasuna eta gure hizkuntzea, euskerea berreskuratzea lako esparru hain garrantzitsu batean frankismoaren kontra egin eben andereño hareek’. Juan Mª Atutxak nabarmendu dau, ‘adore eta ausardia personal handia erakutsiz, persona horreek euskerea zaintzen eta garatzen lagundu ebela, euren orduko bizibidea eta etorkizuna arriskuan jarriz, zuzenean jasan arren errepresinoa’. Eta bere miresmena agertu dau euren konpromisoagaitik eta lehiagaitik, eta ‘ikastolen mobimentu hasi barria abian ipinteagaitik, izan be, gainera, horreetako asko gaur egun euskal hezkuntza-sistemako parte dira’.

Azkenik, Sabino Arana Fundazinoko lehendakariak kolektiboa zoriondu dau herri oso baten arimea suspertzeko egindako lanagaitik erretiro-pensino osoa jasoteko eskubidea onetsi jakelako oraintsu.

Sabino Arana Kultur Elkargoak bere sarituei lehen legeko (750 milaren) urre trinkozko txanpon bana emoten deutse, 50 mm-ko diametroduna, Juan Puigdollers eskultore katalan ospetsuak egindako Sabino Aranaren eskultura bat hartuta eredutzat. Aitatu artistea zur-langintzan eta oroigarrietarako eskulturan espezialistea da, eta Subirats baten mailako artistakaz lan egin dau.

Sariemote ekitaldia 2007ko urtarrilaren 28an izango da eguerdiko 12:00etan Bilboko Arriaga Antzokian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu