Orueko Pasiotarrei emon deutse Lauaxeta 2006 saria

Bizkaie! 2006-12-01 01:00   sariak-autortzak

Euskerea sustatzeko, zabaltzeko eta normalizetako ahaleginak saritzeko igaz sortutako Lauaxeta sariaren 2006ko edizinoan Orueko Pasiotarrak omentu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak.

Euskerea sustatzeko, zabaltzeko eta normalizetako ahaleginak saritzeko igaz sortutako Lauaxeta sariaren 2006ko edizinoan Orueko Pasiotarrak omentu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak (BFA). Saria Javier Jaiok jaso dau Bizkaiko diputadu nagusi Jose Luis Bilbaoren eta Kultura diputadu Belen Greavesen eskutik. Ekitaldia BFAko Euskera zuzendari Gotzon Loberak zabaldu dau eta hainbat arpegi ezagun be izan dira, batera edo bestera Orueko pasiotarrakaz zerikusia daukienak.

Ander Manterolak jaso eban igaz lehenengo Lauaxeta saria eta oraingoan lekukoa Orueko pasiotarrek hartu dabe. Lauaxeta Ikastolea, Ibaizabal argitaletxea, euskal jaiak, bidean.net webgunea, Bideak bidaia-agentzia, herri ugaritako pastoraltzea eta beste hainbat dira pasiotar bizkaitarren proiektuak. Jose Luis Bilbaok ohartarazo dau gogoan izan behar dala ‘pasiotarrek euskerearen inguruan egindako ahalegina eta, batez be, bizkaiereari emondako bultzadea; bizkaierea ez dala txokokeria erakutsi dabe eta, azken batean, bizkaitarrak garalako gara euskaldunak eta euskaldunak garalako gara bizkaitarrak’. Javier Jaiok, Bilbaoren berbak nabarmentzeaz gan, esker bereziak emon deutsoz alkartearen ibilbidean bidelagun izan dituan danei.


Historia apur bat

Pasiotarren Ordena Italian sortu zan orain dala ia mende bi baino gehiago eta sorreratik bertatik apostolutzarako bokazinoa izan eban. Deustun eta Euskal Herriko beste leku batzuetan lehenagotik baegozan be, Oruen (Euba izenez be ezagutzen da auzoa baina jatorrizko izena Orue da) topau ebezan komunikazino-bide egokiagoak. Alkartea 1956an sortu zan eta, berrogeta hamar urte geroago, erronka barrietan dagoz sartuta bete-betean. Holan ba, Orue XXI proiektuari formea emoten dabiz, igerileku barria egin dabe eta baita edadekontzako egoitzea be.

Alkartearen lelo ezagunenetariko bat ‘kultur aisia’ da eta, lehen eta orain, euskal komunidadearen kultur hezkuntzearen parte dira. Horren adibide garbia da 1979an eratutako IKA Kultur Alkartea, aisiaren eta kulturearen arloan gazteentzako behar egiten dauena.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu