Euskaltzaindiak eta BBK Fundazinoak Aizpea Goenaga eta Joseba Azkarraga saritu ditu
2006-07-04 02:00 sariak-autortzakGoenagaren Santxa Kondesa lanari emon deutse Toribio Altzaga antzerki-saria. Azkarragaren Mendebaldearen mintzo mindua lanak Mikel Zarate saio-saria jaso dau Aurelia Arkotxaren, Adolfo Arejitaren eta Antton Aranbururen eskutik.
Euskaltzaindiak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazinoak antolatutako ‘Literatur Sariak 2005’ lehiaketea Aizpea Goenaga Mendiolak eta Joseba Azkarraga Etxegibelek irabazi dabe. Eugenio Arozenak, Daniel Landartek eta Patri Urkizuk osotutako epaimahaiak Goenagaren Santxa Kondesa lanari emon deutse Toribio Altzaga antzerki-saria. Azkarragaren Mendebaldearen mintzo mindua lanak Mikel Zarate saio-saria jaso dau Aurelia Arkotxaren, Adolfo Arejitaren eta Antton Aranbururen eskutik.
Bestalde, ezaguna danez, Txomin Agirre eleberri-saria eta Felipe Arrese Beitia olerki-saria emon barik geratu ziran.
Aizpea Goenaga: Toribio Altzaga antzerki-saria
Santxa Kondesa
Egileak XI. mendean kokatzen dau antzerki lana: 1082. urtean, Nafarroan. Santxa Kondeseak, bere anaiagaz batera, Eleizea euren boterearen menpean mantentzeko egingo daben ahalegina da lanaren oinarria. Garai haretan, Santiago bidea sortu zan eta 1000. urtea munduaren azkena zala uste izan eban jenteak. Eleizea oso aberatsa zan baina, kontuan hartu behar da aldaketa sakonak izan ebazala.
Urte korapilotsuotan, Santxa Kondesea Iruñako eleizearen buru izentauko dau Santxo Ramirez erregeak. Kargua onartu ondoren, berau mantentzeko izango dauen burrukea da antzezlanean kontetan dana.
Aizpea Goenaga
Donostian jaio zan. Cristina Rotagaz eta Dina Rothegaz interpretazino ikasketak egin ditu. Antzerti Eskolan diplomaduna da. Besteak beste, New York-eko H.B. Studio-an, Ernie Martin Studio-an eta New School University-n egin ditu interpretazino eta dramaturgia ikasketak.
Aktore, idazle eta zuzendaria da. Antzerkian zein zineman edota telebistan, ibilbide luzea dauka.
Besteak beste, honako antzezlanen egilea da: Antzezten teke-ten-ten!(6tik 14 urtera bitarteko umeentzat); Gutiziak (Elkarlanean); Lauterdi pirataren altxorra; Pentagrama Enea; Agur betiko Hau paraderua! (Elena Iruretagaz batera); Ongi ibili! / Buen Viaje!; Euskararen 7 pekatu nagusiak; Joetuta.
Bestalde, antzerkian, ondoko lanetan aktore ibilitakoa da: Pekata minuta(egile eta zuzendaria: Ramón Barea); Dakota (Josep Maria Mestresek zuzenduta); Errudun jaioak (Carles Alfarok zuzenduta); Hau paraderoa (Aizpea Goenagak zuzenduta); Metxa (Eneko Olasagastik zuzenduta); Tramankuluak (monologoa, Fernando Bernuések zuzenduta);
New York-eko Repertorio Español de Teatro-n zuzendari laguntzaile izana da, El eterno femenino, antzezlanean; Zu (t) gabe zuzendu eban; Ramón Barearen Pekata Minuta-ren euskerazko itzulpena egin eban; Jordi Galceránen Dakota euskerara egokitu eban; Javi Cilleroren Uztailaren 4-a Renon eta Harkaitz Canoren Ixteko ordua zuzendu ebazan; Ongi ibili / Buen Viaje antzezlana idatzi eta zuzendu dau, 2005ean estreinau dabena.
Zineman, ondoko pelikuletan hartu dau parte: Ander eta Yul, El invierno en Lisboa, Santa Cruz, el cura guerrillero, La gente de la Universal, Pecata Minuta, Yoyes. Eta beste hainbat filmetan personaia txikiak eginez parte hartu dau: Carretera y Manta, Al final de la noche, Al otro lado de la noche, Obaba, etab. Telebistarako be hainbat serietan lan egin dau: Hau da A.U eta Beni eta Marini (Elena Iruretagaz batera idatzi, antzeztu eta zuzendutakoak), Bi eta Bat, Nire familia eta beste piztia batzuk, Periodistas, Al salir de clase, eta El comisario, Goenkale, Teilatupean. Gainera, Barre busan gidoilari eta aktore lanak egin ebazan; Sorginen Laratza-n gidoilari ibili zan, baita Goenkale eta Etxekoak serietan be. TVEk eta TV3-ek produziduta, Bernardo Atxagaren Zeru horiek / Esos cielos telebista-seriean gidoigile eta zuzendari lanetan ibili zan.
Honako sariak jaso ditu: Tesaruro Saria, ETBko saiorik onenari, Hau da A.U. lanari (1991); Paco Rabal Saria, aktore berriari Murtziako Zinema Jaialdian (Santa Cruz, el cura guerrillero lanagaitik); Donostia Hiria Antzerki Saria, Zu (t)gabe antzezlanagaitik (1995); Serantes Antzerki Saria, Agur betiko lanagaitik (2003); Antzerki Laburra - Café Bilbao Saria, Joetuta lanagaitik (2004).
Joseba Azkarraga Etxegibel: Mikel Zarate saiakera-saria
Mendebaldearen mintzo mindua
Lan horretan Mendebaldea aztertzen da. Gizarte eta kultura modernoaren ganean gogoeta bat plazaratzen dau saioak. Gaur bizi dogun garai sozio-historikoa ulertzeko zenbait tresna analitiko eta kritiko eskaintzen ditu. Euskal perspektibatik eregi ditu gogoetok, euskal gizarteari be erreferentziak eginez.
Mendebaldeak eregi dauen mundu horrek, mundu modernoak, indar parebakoa erakutsi dau zenbait aspektutan eta globalizazino garaian bere moldeak han-hemen zabaltzen dabil (lekuan lekuko sinkretismoagaz).
Joseba Azkarraga
1972an jaio zan Abadiñon. Soziologia eta Zientzia Politikoetan lizentziaduna da. Egun, Soziologia irakasten dau HUHEZIn (Mondragon Unibersidadeak Eskoriatzan daukan Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadea). Giza eta Gizarte Zientzien Departamentuko arduraduna be bada.
Ikerkuntzan, Mondragon Unibersidadeko LANKI Ikertegiko kidea da. Arrasateko mobimentu kooperatibistea ikertzen dabe. Doktore Tesia irakurtzekotan da, honako tesi-gaiagaz: Arrasateko kooperatibismo globalizatua. Hainbat idatzi eta hitzaldi emon ditu gai horren inguruan.
Bere lehen liburua Fernando Muñiozgurenegaz batera argitaratu eban: Eibarko bilakaera soziolinguistikoa (1981-1991) eta 1995-2000 jardunbiderako oinarriak, Eibarko Udala, 1996.
Juan Zelaia Saiakera Saria irabazi eban 2004an ondoko lanagaz: Diruak behar luke bihotzik, Pamiela, 2005.
Euskaldunon Egunkarian eretxi artikuluak idazten ebazan eta, egun, Berrian idazten dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!