Maite Lafourcade saritu dau Eusko Ikaskuntzak

Bizkaie! 2006-06-02 02:00   sariak-autortzak

Epaimahaiak aho batez onartu dau izentapena eta sariaren balio zientifiko eta arlo humanistea azpimarratu dabe.

Eusko Ikaskuntzak eta Euskadiko Kutxak Maite Lafourcaderi emongo deutse 2006ko Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxa Humanidade, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien saria. Epaimahaiak aho batez onartu dau izentapena eta sariaren balio zientifiko eta arlo humanistea azpimarratu dabe.

Ikerkuntzan eta trebakuntzan Lafourcaderen ibilbide luzea nabarmendu dau epaimahaiak. Zuzenbide pribaduan egin dauen lan zientifikoa izan da Lafourcaderen lan-ildorik nagusiena. ‘Ikerkuntzeari ikutu dibulgatzailea eta promozinozkoa be eskaini deutso, batez be Baionako Centre d'Estudes Basques dalakotik, berak sortutako zentrua baita’, zehaztu dau epaimahaiak.

Javier Retegi Eusko Ikaskuntzako prsidentea, Juan Manuel Sinde Euskadiko Kutxako zuzendariorde orokorra, Rosa Miren Pagola Deustuko Unibersidadeko Ikasleen eta Hizkuntz Politikako errektoreordea, Gabriel Insausti Nafarroako Unibersidadeko Linguistika eta Hizkuntz Departamentuko kidea, Cesar Arrese Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa errektoreordea, Beñat Oihartzabal Pabeko eta Adoud Herrialdeetako Unibersidadeko Baionako Fakultadeko irakaslea, Jose Mari Aizega Mondragon Unibersidadeko errektore akademikoa, Ekoy Rada UNEDeko Filosofia irakasle titularra eta Ander Gurrutxaga ebaluazino zientifikoen aditua izan dira epaimahaiko kideak.

Lafourcaderen aurretik, Julio Caro Barojak (1995), Alvaro d'Ors Perezek (1996), Luis Villasantek (1997), Jesus Altunak eta Juan Plazaolak (1998), Eduardo Chillidak (1999), Miguel Artolak (2000), Juan Garmendiak (2001), Bernardo Atxagak (2002), Gurutz Jauregik (2003), Juan San Martinek (2004) eta Nestor Basterretxeak (2005) jaso eben Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxa Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien saria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu