Lizardiren poesiaren antologia kaleratuko dabe

Bizkaie! 2023-12-05 12:22   Kulturea

Orain arte publikautako poema guztiak batzen ditu antologiak.

Euskaltzaindiak erakusmahaia jarriko dau 58. Durangoko Azokean, hain zuzen be, Barrenkale 23 kokalekuan. Euskerearen Akademiak ez dau inoiz hutsik egin, eta 58 aldiz izan da Durangon, egitasmoak hauspotu eta argitalpenak erakusten.

Aurton, liburu mardul eta interesgarri bat aurkeztuko dau Landakon, hau da, Lizardiren poesiaren antologia. Abenduaren 9an aurkeztuko dabe jentaurrean, goizeko 11:30ean, eta ekitaldian Adolfo Arejita Euskaltzaindiaren idazkariak, Bakartxo Urruzolak eta Karlos Otegi liburuaren egileak parte hartuko dabe.

Antologia barriak orain arte publikautako poema guztiak batzen ditu eta, horrezaz gan, oraintsu berreskuratutako olerki bi: Habiatxo eta Goiz-ibiltze. Ganera, Karlos Otegik idatzizko euskera batuaren eredura hurreratu ditu poema guztiak, euskera batuan ohitu eta trebatu dan irakurleari Lizardiren olerkiak bersino gertuagoan eskainiz.


Beste argitalpen batzuk

Inprentatik atara barri beste liburu batzuk be izango dira Euskaltzaindiaren Azokaako erakusmahaian, besteak beste, oraintsu Baionan aurkeztutako Margarita Nafarroako erregina (1492-1549); Antzezlanak eta gutunak (Ixabel Etxeberriak); Bonifacio Echegaray, promotor y defensor del euskera (Lázaro Echegaray eta Koldo Somokuetok); Euskarazko ahozko jarduna Nafarroako gaztetxoen artean: egoera eta aukera berriak (2022ko Jagon jardunaldiaren emaitza); Ignazio Bergara goizuetarraren gutunak. Arranbide (Arano) eta Elama (Artikutza) 1787-1811 (Patxi Salaberri, Juan Jose Zubiri eta Iker Salaberriren ikerlana); Creación, traducción, autotraducción (Olga Anokhina eta Aurelia Arkotxa); eta, betiko lez, Euskara Batuaren Eskuliburuaren 5. argitalpena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu