'HARRI, ORRI, ARkatz' erakusketea aurkeztu dabe

Bizkaie! 2023-11-27 09:47   Kulturea

13 panel eta 9 bitrina dira.

Komisarioak, babesleak eta artista zein lagunak aurkezpen egunean (Mendi Film). | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Aztarnategian HARRI, ORRI, ARkatz erakusketea aurkeztu dabe, eskaladako eta mendiko krokisetako artelan ilustratuz osotua eta mundu osoko egileen ekarpenak dituana. Nazinoartean gaiari buruz inoiz egin dan erakusketarik handiena da. Horrezaz gan, liburu bat be argitarau dabe, El arte en el croquis de escalada.

Datorren abenduaren 8tik 17ra bitartean egingo dan BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia mendi eta abentura zinemaldiaren 16. edizinoaren testuinguruan aurkeztu da erakusketea. Sorkunde Aiarza Bilbao Bizkaia Museoak erakundeko koordinatzaileak emon deutsee ondoetorria aurkezpenera bertaratu diranei eta ondoren, erakusketearen komisario eta kudeatzaile diran Eli Azurmendi, Juancar Sanz eta Rafa Elorza (Club Vasco de Camping Alkarteko presidentea), aurkeztu ditu Mendi Filmeko zuzendariak, Jabier Baraiazarrak.
 
Ekitaldian izan dira Leixuri Arrizabalaga (Bizkaiko euskera, kulturea eta kirol foru diputadua), Begoña de Ibarra (Bizkaiko Foru Aldundiko kultura zuzendari nagusia), Koldo Bilbao (BBK Fundazinoa) eta Zigor Egia (Euskal Mendi Federakundeko presidentea). Halanda ze, eskalatzaile eta ilustratzaile ezagun ugari izan dira berton, esaterako, Jesus Mari Lazkano, Christian Ravier, Jodi Pfefferkorn, Simón Elías, Olivier Marquet, Julio Villar, Sergi Ricart, Santi Yañiz, Juanjo Sansebastián, José Carlos Tamayo edota Kepa Lizarraga.

Janire Etxabe (Dimegaz) jantzari bertikalaren performance batek jantzi dau ekitaldia eta erakusketearen komisarioek bisita gidatua eskaini dabe.

Proiektua
 
Proiektu horren bidez, eskalada-krokisa ezagutzera emon nahi da, izan be, komunidade horrek dituan kezka eta gustuen isla da hori, mundu osoan zehar, berrehun urte baino gehiagoz, hormak eskaletako pasinoa partekatzen dau.

Erakusketan mundu osoko eskalatzaile eta artistek parte hartu dabe, besteak beste, Armand Ballart, Phillipe Barthez, François Carrafancq, Rolo Garibotti, Jean eta Pierre Ravier, Christian Ravier, Jeremy Collins, Chema Agustín, Ángel López Cintero, Clay Wadman, Julio Villar, Timmy O’Neill, Eric Sloan, Rhiannon Klee Williams, Craig Muderlak eta Oscar Masó.

HARRI, ORRI, ARkatz 13 panelez eta 9 bitrinaz osotuta dago. Panelak:

  1. 01 / Eskaladako krokisaren sorrera.
  2. 02 / Txindoki eta Euskal Mendiak.
  3. 03 / Pirineismoa.
  4. 04 / Laranjoren mendebaldeko pareta eta Europako Mendiak.
  5. 05 / Riglosko malloak.
  6. 06 / Montserrat eta Mediterraneoko mendiak.
  7. 07 / Sistema Zentrala.
  8. 08 / Alpeak.
  9. 09 / Yosemite.
  10. 10 / Patagonia.
  11. 11 / Mendikate handiak.
  12. 12 / Beste mendiak.
  13. 13 / Arte paraleloak.

Erakusketea urtarrilaren 7ra arte egongo da ikusgai, astelehenetik zapatura. Sarrerak 3 euroko prezioa izango dau eta eguenetan doban da.

Yhabril. Luz, Montaña, ¡Acción! erakusketea

BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiaren 16. edizinoaren harira, Yhabril Moro argazkilariak kanpoaldean egindako lan batzuk erakutsiko ditu, tamaina handian, Metro Bilbaoko geltoki ugarietan. Moyua (Diputación sarbidean), Indautxu (Urquijo) eta Santimami/San Mamés (Luis Briñas) geltokietan egongo da erakusketea abenduaren 30era arte, eta Zazpikaleak/Casco Viejo (San Nikolas) geltokian abenduaren 1era arte, Abandora (Berastegi) iritsi baino lehen.

Erakusketeaz gan, BBK Mendi Film Bilbao Bizkaiak berbaldi bat eskainiko dau abenduaren 16an, zapatua, Euskalduna Jauregian, 09:00etatik 14:00etara.

 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu