Ana Laura Aláez bilbotarraren erakusketa monografikoa Azkuna Zentroan

Bizkaie! 2021-05-13 12:55   Kulturea

Artisteak azken hiru hamarkadetan egin dauen ibilbidea batzen dau.

Erakusketako obra bat, Madrilen ikusgai egon zanean (argazkia: CA2M) | Ikusi handiago | Argazki originala

Jaioterrira bueltau da Ana Laura Aláez bere artelanen bidez, Bilbon jaio zalako, eta Azkuna Zentroan ikusi ahal izango da azken hiru hamarkadetako obrak batzen dituan erakusketea, maiatzaren 20tik irailaren 26ra, Todos los conciertos, todas las noches, todo vacío izenburupean. Azkuna Zentroak Madrilgo CA2M zentroagaz alkarlanean antolatu dau erakusketea.

Aláezen obrea aztertzeko orduan, orain arteko ikuspegia zabalduko dau erakusketa honek, Azkuna Zentroko arduradunek azaldu dabenez. 1980ko hamarkadan ekin eutsan sormenari, baina lehenengo obretan agirikoa da lehenagoko Euskal Eskultura Barria mobimentuaren eragina. 

Hasierako urteetan, ganera, Aláezen obrea lotuta egon zan orduko Euskal Herriko egoera sozialagaz: krisi ekonomikoak, indarkeria, itxaropenik ez... Emakumeen lana izkutuan geratzen zan sarri, baita kulturan be, eta horrek be eragin eban bilbotarraren obran. Bere genero, klase eta jatorrian oinarritutako kritikea agirikoa da. Eguneroko materialak eta eskulturea buztartzen dira Aláezen obran.

Hortaz, erakusketea Alaézen obrearen hasierako lanetara bueltetako ahalegina da. Baina, 30 urte baino gehiagoko ibilbide oparoa batzea danez asmoa, badagoz sasoi barriagoetako piezak be. Gorputza euskarri lez, eskulturea kantu lez, gaua material lez eta identidadea gatazka lez, horra artisteak azken urteotan landutako gai nagusietako batzuk.

Erakusketearen inaugurazinoaren bezperan, maiatzaren 19an, topaketea antolatu dau Azkuna Zentroak Ana Laura Aláez bera, Bea Espero komisarioa eta Alicia San Juan protagonista dirala. 18:30ean hasiko da ekitaldia, entzungelan. 

Erakusketara sartzea doban izango da, baina edukiereagaz lotutako arauak bete beharko dira. Azkuna Zentroko erakusketa-eremua goiz eta arratsalde dago zabalik, martitzenetik domekara. Bagilean hasita, eguen arratsaldeetan bisita gidatuak egongo dira, doban, gehienez sei leguneko taldeetan.

Ana Laura Aláez (Bilbo, 1964), bere belaunaldiko eskultore esanguratsuenetako bat da. Arte Ederretan lizentziaduna, pintura arloan espezializau zan, baina 1980ko hamarkadearen amaieratik eskulturan dabil bete-betean. Nazinoarteko topaketa garrantzitsuetan erakutsi ditue bere obrak (Istanbul, Venezia, Buenos Aires...) eta erakusketak egin ditu Madril, Paris eta Helsinkin. 2013an Gure Artea Saria irabazi eban.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu