Batxilergoko 56. Matematika Olinpiadea antolatu dabe

Bizkaie! 2020-01-16 12:12   Kulturea

Hitzordua Leioan da urtarrilaren 17an, barikuan, 9:30ean.

Zientzia eta Teknologia Fakultadeko Berbaldi Aretoan, 56. Matematika Olinpiadearen lehenengo fasea abiatuko da. Espainiako Matematikako Errege-alkarteak UPV/EHUko Matematika Ataleko irakasle ordezkaritza baten laguntzinoagaz antolatu ditu Matematikako Olinpiadak. 2019-2020 ikasturtean Batxilergoan matrikulautako EAEko ikasle guztiek hartu leikie parte.

Lehenengo fase honek saio bi ditu, eta ikasleek zenbait problema ebatzi beharko ditue, euskeraz zein gaztelaniaz. Marrazketa edo idazketarako tresnak besterik ezingo ditue erabili; galarazota dagoz kalkulagailuak, liburuak, taulak eta bestelakoak.

Hiru irabazleek Azken Fasea jokatuko dabe, Almerian, martiaren 20an eta 21ean. Bigarren fase horretan sailkatutako lehenengo seiak talde olinpikoko kide izango dira eta 61. Nazinoarteko Olinpiadan parte hartuko dabe, garagarrilean, San Petersburgon (Errusia). Gainera, irailean Perun izango dan 35. Olinpiada Iberoamerikarrean parte hartzeko hautagai izango dira.

Beste alde batetik, tokian tokiko faseetan ondoen sailkatutako emakumezko ikasleek, (15 gehienez), Egmonten (Herbehereak) apirilean egingo dan Emakumezkoen Olinpiada Europarrean (EGMO) talde espainiarreko kide izateko hautaketa-frogetan parte hartu leikie.

Olinpiadak atontzeko matematika tailerra antolatu da. Informazino guztia eta lanerako materialak hemen.

Espainiako Matematika Olinpiadari buruzko informazio gehiago, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu