XXXVII. Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketako deialdia zabalik
2020-01-15 12:45 KultureaEuskerazko eta gaztelaniazko modalidadeak dagoz.
Bilboko Udalak uriko lehiaketa literariorik zaharrenaren aurtengo edizinorako deia egin dau, XX. mendeko euskal idazle esanguratsuenetako bati omenaldia egiteko eta sorkuntzea sustatzeko asmoz. Martiaren 31ra arteko epea dago testuak bialtzeko.
Euskerazko zein gaztelaniazko ipuinak aurkeztu leitekez XXXVII. Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketara, eta, ohikoa dan legez, aurretik argitaratu edo saritutako lanik ez da onartuko. Gehienez hamabost orrialde izan beharko ditu testu bakotxak.
Epaimahaian literaturearen munduko jente ezaguna egongo dala aurreratu dau Bilboko Udalak. Irabazle bana egongo da euskerazko eta gaztelaniazko modalidadeetan, eta bakotxari 3.500 euro emongo deutsiez. Ganera, 1.750 euroko akzesit bi be egongo dira, horreek be hizkuntza bakotxeko bat.
2019ko edizinoan, Iñaki Irasizabalek irabazi eban euskerazko atalean, Epailearen aginduz izeneko kontakizunari esker. Gaztelaniazkoan, Carlos Schilling nagusitu zan, La muerte en Venecia (reescrita por John Cheever) ipuinagaz. Urterik urtera gero eta lan gehiago jasoten dituela dino Udalak, batzuk urruneko herrialdeetatik. Igaz, 1.422 ipuin aurkeztu ziran.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!