Euskal Museoak 100.000 bisitari baino gehiago izan ditu 2019an

Bizkaie! 2020-01-14 13:31   Kulturea

Erakusketa iraunkor zabalaz gan, aldi baterako 9 erakusketa egon dira aurten Museoan.

Bilboko Euskal Museoak 100.000 bisitarien langea gainditu dau 2019. urtean, hain zuzen be, 100.614 lagunek bisitau dabe aurten, eta 73.866 lagun hartu zituan 2018an. 2019ko % 36ko igoera horretan, erabagigarria izan da Euskal Museoak aurten eskainitako erakusketa eta jarduera eskaintza zabala.

Aldi baterako erakusketei jagokenez, Euskal Museoak Dohaintzak-Donaciones. Museoa Eraikiz erakusketea antolatu eban lehenik 2019an. Erakundearen historian hainbat partikularrek dohaintzan emondako piezak jarri ziran ikusgai erakusketa haretan, horreen artean Elejabarriko triptiko ikusgarria. Udan, publiko asko erakarri eban Bilboko buruhandiak eta erraldoiak erakusketeak; aurten, barrikuntza modura, Xavier Duarte katalanaren erraldoien argazkiak be erakutsi dira.

Bisitariak Museoa ezagutzera etorteko akuilu izan dira, orobat, Euskera ibiltaria (Euskaltzaindiagaz lankidetzan antolatua), Alberto Salcedo euskal artistearen Azken Alabak eta Elssie Ansareoren argazkien erakusketak.

Urteko azken asteetan, ondoko erakusketak izan dira Museoan: Basques in California (Eusko Jaurlaritzagaz lankidetzan); Portuko egutegia, erakusketa bihurturik, gaur egun Euskal Museoaren esku dagozan Errazquinen argazkien bidez; eta Euskal Jaiotza.

Horrezaz gan, Euskal Museoak erakusketa iraunkor zabala dau euskal ohiturei eta jarduerei buruz, hain zuzen be, 100 urteko ibilbidea osotzen dau erakusketa horrek, historian zehar erabilitako artzaintzako edo itsasketako pieza bereizgarrien, Bilboko Konsuletxeko altzarien, Bizkaiko maketa ezagunaren eta zeramikeari eskainitako aretoen bidez, esaterako.

Erakusketa iraunkorraren parte bat Museoko klaustroan kokatuta dago: Armarriak, baserri zaharretako ateak, altzariak eta Museoko pieza ezaguna, Mikeldi idoloa, ikus daitekez bertan.

Espazio hori oraintsu estali da, eta hantxe egin ditu Euskal Museoak bere jarduera gehienak. Urte osoa hartu dauen programazino zabalean, ondokoak nabarmentzen dira Zinemaz Blai film laburren zikloa, Alberto López Echevarrieta kazetariak gidatua; erakundeak Aiko Taldearen eskutik hileko bigarren zapatuetan antolatutako erromeriak; Aste Santuko eta Gabonetako umeentzako tailerrak; euskal modea sustatzeko asmoz antolatutako Fashion Kultur Bilbao, eta kontzertuak, Mikel Urdangarinena eta Eñaut Elorrietarena.

Ekitaldi horreei gehitu behar jakez sari banaketak, proiekzinoak, kultura arloko aurkezpenak, Basque Fest, Gau Zuria eta abesbatzen kontzertuak, Garaizarko Matsorriak, Madrilgo Euskaletxea Abesbatza eta Zirzira Ahots Taldearena, esate baterako.

Hezkuntza arloari jagokonez, Euskal Museoak ia egunero jasoten dau inguruko ikasleen bisitea; hain zuzen be, Bizkaiko museoak hezkuntza egitarau zabala eskaintzen dau, gazteek Museoaren bildumea ezagutu deien, baita hezkuntza ekimen zehatzak be, aldi baterako erakusketakaz lotutakoak. 159 ikasle taldek baino gehiagok parte hartu dabe egitarau horreetan 2019an, 2018an baino % 20 gehiagok (132 talde izan ziran orduan).

Bestalde, Bilboko Euskal Museoak sendotu egin dau bere presentzia digitala: Museoaren webguneak 11.993 bisita gehiago izan ditu 2018an baino (2019an, 37.890 bistaratze izan ditu). Gainera, azken urtean, Instagrameko profila gehitu deutse aurrez zabalik zituan gizarte sareetako kontuei (Facebook, Youtube, Twitter).

Presentzia handiagoa izan dau Eusko Jaurlaritzeak sortutako Ensime plataforman be eta hor dagoz Euskadiko museoen erregistro digitalak; Euskal Museoaren 35.043 pieza dagoz plataforma horretan dagoeneko erregistrauta eta sarrera digital gehien daben museoetako bat da.

Euskal Museoak 2019an izandako jardunaren momentu gogoangarrien artean, nabarmentzekoa da Santo Tomas Txiki jaiaren lehen edizinoa, BBK Fundazinoagaz lankidetzan antolatutakoa, etxeko txikiei aukerea emoteko Santo Tomasko feriaz gozetako, umeentzako tailer eta euren neurriko etxolen bidez. Era berean, Bizkaiko erakundearen mugarrien zerrendan agertzen dira Euskaltzaindiak antolatutako Dialektologiako Biltzarra, Ser irrati etxearen topaketak, Alex Txikonek bere azken abentura profesionalaren ondoren komunikabideakaz egindako topaketea eta Bilboko kontsul barriak izentetako ekitaldia.


Bisitariaren profila

Euskal Museoak bertako eta estaduko bisitariak erakarten ditu baina Euskadikoak dira bisitarien ia erdiak. Eta, 2019an, aurreko urtean bezela, gizonezko baino emakume gehiagok ikusi dabe bildumea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu