Euskal Liburu eta Disko Azokea egingo dabe Ziburun lehenengo aldiz

Bizkaie! 2019-05-22 13:28   Kulturea

Argia astekariak eta Baltsan alkarteak bultzatuta dator ekimen barria.

Euskal literaturea eta kulturea ardatz izango dituan ekimen barria jaioko da bagilaren 1ean Lapurdiko kostaldeko Ziburu herrian, I. Liburu eta Disko Azokea hain zuzen. Egun bakarreko feria izango da, bagilaren 1eko goizeko 11:00etatik arratsaldeko 20:00etara egongo dira erakusmahaiak zabalik. Herriko plazan izango dira ekitaldi nagusiak.

Euskal Herri osoko 17 argitaletxe bertan izango dirala aurreratu dabe antolatzaileek, danetariko produktuak eskaintzen: Liburuak, diskoak, komikiak, mahai-jokoak... danak euskeraz.

Argia eta Baltsan antolatzaileek hainbat helburu aitatu ditue ekimen hau martxan jarteko. Ume zein helduentzat dagoan euskerazko eskaintza kulturala zabaltzea, euskerea Ziburuko kaleetara ateratzea, Argiaren mendeurreneko ekitaldiak Lapurdira eroatea eta euskerazko irakurzaletasuna bultzatzea dira horreetako batzuk.

Ziburu eta euskerazko literaturea aspalditik egon dira lotuta, azokearen antolatzaileek gogoratu dabenez. Inguru haretako euskerearen urrezko aroko autore esanguratsuenetako bat izan zan Joanes Etxeberri Ziburukoa (1580-1665), eta hurrengo urte eta mendeetan be idazle ezagunak egon dira herrian: Piarres Detcheberry, Pierre Argaiñaratz, Beñat Gazteluzar, Jan Battista Kamusarri Murgi eta, XX. mendean, Piarres Larzabal.

Baltsan alkartea orain dala zazpi urte sortu zan, Ziburuko eskaintza kulturalean euskerea sartzeko asmoz. Euskal Liburu eta Disko Azokea antolatzeko ardurea hartu dau orain, Argiagaz batera. Aurten mendea bete dau astekariak, eta ehun urtean gorabehera asko izan dituan arren, beti izan da euskera hutsezko hedabidea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu