Alex Txikon pozik, 'K2-k aukerarik emon ez' arren

Dabi Piedra 2019-03-27 12:55   Kulturea

Denden ordez igluak eroatea idea bikaina dala ikusi dau mendizale lemoarrak.

Alex Txikon eta Felix Criado espedizinokidea, Pakistanetik bueltau barri | Ikusi handiago | Argazki originala

Negua amaitu da, eta, hortaz, Pakistango K2 (8.611 m) neguan igoteko ahalegina be bai. Alex Txikonen Winter Top Appeal espedizinoaren helburua izan da, hain zuzen, zortzimilako tontor hori neguan lehenengo aldiz zapaltzea. K2ren puntara heldu ez arren, pozik bueltau da mendizale lemoarra, balorazino ona egin dau.

Pakistanen ohikoak diran gorabeherak alde batera itxita, ganerakoan traba handi barik egin eben Behe Kanpalekurainoko bidea, lehenengo autobusez, ondoren hamar eguneko trekking luzean. Behin kanpaleku nagusian, espedizinoko asmakizun bitxienetako bat praktikan jarteko unea izan zan: Oihalezko denden ordez, izotzezko igluak, edo edur-etxeak, eregi zituen.

Emoitza bikaina emon deutse igluek, Txikonek azaldu dauenez. Batetik hamarrerako puntuazinoa emon behar izan ezkero, hamar emongo neuskio igluari. Erosotasuna eta epeltasuna emoten izan dabe izotzezko egitura horreek. Esate baterako, kanpoan zero azpitik gradu askoko tenperaturea euki arren, barruan zero gradutik hur egon dira beti. Lo egiteko eta deskantsurako abantailea izan da hori. Hiru iglutan hamalau lagunek egin dabe lo.

Urtarrilaren hasieratik K2 inguruan ibili diran arren, Alex Txikonek eta kideek martian egin eben tontorrerako ahalegin nagusia. 7.150 metroko garaieran emon eben bueltea haizeagaitik. K2-k ez deusku aukerarik emon, onartu dau Txikonek. Arriskutsuegia zan gorago joaten ahalegintzea.

Alpinista lemoarrak ez dau baztertu K2ra barriro joatea, hurrengo neguan. K2 igoteko giltzarria abiaduran dagoala uste dau: Tontorrera heltzeko, bizkor igon eta bizkor bajatu behar da, hori ikasi dot aurten, adierazo dau. Estrategia asko landu behar da.

Momentu txarrak

Beste espedizino bat egon da K2 neguan igoteko asmoz, errusiarrena, baina Txikonen taldeagaz ez dabe hartu-emon onik izan. Tristuraz hartu dau Txikonek errusiarren jokabidea, lankidetzeari uko egiteaz ganera, guzurrak zabaldu dituelako. Errusiarrek emon dituen datu batzuk faltsuak dirala esateko, Txikonek ziurtatu dau eurek 3.000 metro soka barri ipini dituela, 80 zatitan banatuta. Horren froga grafikoak daukazala dino.

Lehiari lehentasun guztia emotea ez dau ontzat jo lemoarrak, eta errusiarrek nazionalismorako jokera handiegia euki dabela azaldu dau. Gu jator portau gara, errusiarrak guzurretan ibili dira gure kontura, baina guk frogak daukaguz.

Halandabe, espedizinoko unerik garratzena Danielle Nardi eta Tom Ballarden istripua izan da. Nanga Parbat igoten ebizala galdu ziran zezeilean, eta Txikon eta kide batzuk hara joan ziran, erreskatean. Hilda topau zituen biak, hipotermiak jota. Erreskate gatxa izan zan, asko arriskatu genduan, edur jausiak behin eta barriro ikusten genduzan, gogoratu dau Txikonek. Erreskatean egun batzuk galdu zituen arren, lemoarrak ez dau uste horrek eraginik izan ebanik K2 igoteko ahaleginean.

Medikuntzea eta ingurumena

Alex Txikonen Winter Top Appeal espedizinoaren helburu bakarra ez da izan kirol arlokoa. Batetik, hainbat mediku joan ziran eurakaz, proiektu batzuk martxan jarteko. Alpinisten osasuna egunero neurtzen eben, gorputzak altueran zelan jokatzen dauen jakiteko. Ganera, Pakistango eskualde haretako osasungintzan lagundu eben, batez be, ginekologia arloan.

Ingurumenari jagokonez, Txikonen taldekideek batutako laginak garrantzitsuak izango dira hango glaziarren garapena hobeto ezagutzeko. Baltoroko glaziarraren goialdeko neguko laginik ez da egon orain arte. Japoniara bialdu ditue, han dagoalako gai horren inguruko laborategia.

Eguzki panelak erabili zituenez, erregai fosil bidezko energia-sorgailuak gitxitan biztu behar izan zituen. Mendian ibilteko energia barriztagarrien aldeko apustua izan zan. Sortutako hondakin guztiak bajatu zituen, mendia garbi ixteko.

Txikon eta kideak, K2n bizi izandakoak azaltzen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu