Euskal Herriko Itzuliaren kartela Yolanda Mosquera irudigile arabarrak egin dau

Bizkaie! 2019-03-27 08:48   Kulturea

Kartela Lan Literario baten Ilustrazinoa modalidadean, Euskadi Literatura Sariaren igazko irabazleak egin dau.

Eusko Herriko Itzuliak aurtengo kartela aurkeztu dau bart Bilboko Arte Eder Museoan: Yolanda Mosquera irudigile arabarraren lan bat; igaz, Euskadi Literatura Saria irabazi eban Mosquerak, Lan Literario baten Ilustrazinoa modalidadean, eta Eusko Jaurlaritzeak proponiduta eskaini jako kartela egitea. Helburua da Gerra Zibilaren aurreko tradizino bat berreskuratzea, garai haretan punta-puntako euskal artistek egiten baitzituen Itzuliaren kartelak. Mosquerak ikusizko metafora bat dakar kartelean, tropela islatzen dauen koloredun suge bat lurraldean sigi-saga narrasten erakusten dauena.

Yolanda Mosqueragaz batera, prentsaurrekoan izan dira Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Miguel Zugaza, Bilboko Arte Eder Museoko zuzendaria; eta Itzulia antolatzen dauen OCETA erakundeko presidentea, Julián Eraso. Antonio Guezala margolariaren senitartekoakaz izandako bilera batean gogoratu genduan zelan Gerra Zibila baino lehenago euskal artistek Itzuliaren kartelak egiten zituen. Momentu haretan sortu zan tradizino hori berreskuratzeko idea. Itzuliaren antolatzaileei proposatu eta oso era positiboan erantzun eben, azaldu dau Zupiriak. Ekimen honi esker ohitura bat berreskuratu dogu eta talentuz beteriko euskal artisten belaunaldi bat gogoratzeko aukerea izango dogu. Ekimen honek euskal sortzaileei euren lana erakusteko aukera barriak eskainiko deutsee, publiko zabal batengana heltzeko aukerea emonez. Hirugarrenik, artea eta kirola buztartzen dauen apustu hau Itzuliaren tradizinoa eta prestigioa nabarmentzeko baliogarria izango da, gehitu dau sailburuak.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren proposamenak, Itzuliaren eskutik bultzatua, urtero eskainiko deutso kartela egiteko aukerea sortzaile bati. Beraz, Euskadi Literatura Sariaren irabazleak, Lan Literario baten Ilustrazinoa modalidadean, abagune barri hori izango dau. Igazko edizinoan modalidade horretan nagusitutako Yolanda Mosquerak azaldu dauenez, ilusino handiz jaso eban proposamena: Sailaren proposamenak emozino handia eragin eustan eta buru-belarri ibili naz kartela diseinetan. Lan egiten dodanean ikusizko metaforak erabiltea gustetan jat, inteligentzia desafiatuz eta kontzeptu ezbardinen inguruan geruza edo oinarri ezbardinak sortuz. Kontzeptu horreek era batera edo bestera helduko dira hartzailearengana haren interesen arabera, azaldu dau. Sugaar personaia mitologikoaren irudia erabili dau Mosquerak aurtengo kartelean, gure antxinako kulturea kirolagaz batera aldarrikatzeko: Ebitau ezina zan niretzat tropela gure lurraldea zeharkatzen dauen koloredun suge baten moduan ikustea, eta hortik jo nahi izan dot.

Aurtengo Euskal Herriko Itzulia edo Basque Country Itzulia apirilaren 8an hasiko da Zumarragan. Kirol ekitaldi historiko hau apirilaren 13an amaituko da Eibarren.


Artistearen ibilbidea

Yolanda Mosquera (Amurrio, 1973) Arte Ederretan lizentziaduna da, Diseinu Grafikoa espezialidadean. 2008an, Ume Ilustrazinoko graduatu-ondoko bat egin eban Einan, Bartzelonako Diseinu eta Arte Eskonan. Bertan, liluratuta geratu zan album ilustratuakaz, batez be bitarteko horreen adierazpide artistikoagaz eta narrazino zein egitura konplexutasunagaz. 2011n, Peru Abarka album ilustratuen lehiaketea irabazi eta hor, lehenengo aldiz, album formatuaz argitaratu eban. Arabiar Emirerri, Txina, Hego Korea, Mexiko, Portugal eta Italiako askotariko ilustrazino erakusketetan erakusgai jarteko hautatua izan da. 2013. urtearen amaieran, Caballitos de Sal ume poema-bildumako ilustrazinoak argitaratu zituen eta, hile batzuk geroago, lan horri esker, Ohorezko aitamena jaso eban Sharjahko Liburu Azokan, Arabiar Emirerrietan. Igaz, Euskadi Literatura Saria irabazi eban, Lan literario baten Itzulpena modalidadean.

Sari horren kasuan, epaimahaiak ilustrazinoaren trataerea eta dotorezia azpimarratu zituan, nabarmentzen baitzan istorioaren gogortasunagaz konparauta. Ilustrazinoen kalidadea eta artistaren talentua be nabarmendu eben, aukerea emoten ebalako berezko uniberso bat sortzeko lanaren barruan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu