Euskal Herri osoko milaka ikaslek emongo deutsie hasierea 53. Durangoko Azokeari

Bizkaie! 2018-12-04 08:02   Kulturea

Ateak goizeko 10:30ean edegiko ditue Landako Gunean.

Durangoko Azokako 53. edizinoak ateak edegiko ditu bihar, abenduak 5, bost eguneko kultur maratoiari hasierea emoteko. Bost egunez, kulturzaleek 200 ekitaldiz osotutako egitarauaz gozauko dabe; Azokako zazpi guneetan, Landako gunean, 247 erakusleiho izango ditue, 439 nobedadegaz: 304 liburu, 93 disko, 18 aldizkari eta abar.

Landako Guneko ateak goizeko 10:30ean edegiko dira. Igaz ez bezela, aurten Ikasle Eguna azokako lehenengo egunean izango da, eta, beraz, Euskal Herri osoko ikasleak batuko dira kulturearen plazako zazpi guneetan. Ikasleak izango dira, hain zuzen be, ateak edegiko dituenak. Horren ostean, ikasleek disziplina ezbardinetako tailerretan parte hartuko dabe: Poropopoesia Saguganbaran, Liburu bat egingo dot Areto Nagusian (Euskal Editoreen Alkartearen eskutik), Heldu programazinoari Kabi@n (JolasMatika EHUko informatika fakultadearen eskutik), Euskal kantagintza kontzertuan Plateruenan (Luhartz musika taldeagaz), Musika elektronikoaren produkzinoa Ahotsenea zuzenekoetan (Telmo Trenor musika elektronikoan aditua), Gaur egungo testuak Ahotsenea barriketaldietan (Yurre Ugarte idazleak gidatuta), Antzokia zirrikituz zirrikutu Szenatokian (Karrika Antzerki Taldearen eskutik) eta Soinu efektuak zinemagintzan Irudienean (Pixelatu taldearen eskutik, Zineuskadik antolatuta). Horrezaz gan, Durangoko Historia eta Arte Museoan Grabatuagaz jolastuz, ilustratu tailerra eskainiko da, Irati Eguren ilustratzailearen parte-hartzeagaz.

Ikasle Eguneko tailerretan Euskal Herri osoko ikasleek parte hartuko dabe (izen emote guztiak bete dira). Baina Azokako lehenengo egun honetan Ikasle Eguna antolatu arren, publiko orokorrarentzat be Azokea zabalik egongo da, eta egun osoan zehar hamaika jarduera egongo dira.

Areto Nagusian (Landako Gune barruan) hainbat proiektu eta aurkezpen egingo dira, 13:30etik aurrera, eragile askoren eskutik: UEU, EHU, IPES, Ernai, Otzarreta...

Arratsaldeko 19:00retan, 53. edizinoko inaugurazino ekitaldia egongo da bertan. Ekitaldian, erakunde publikoetako ordezkariek parte hartuko dabe, eta aurtengo edizinoko kartelaren egileek, Txakur Gorria sormen kolektiboko kideek, Digara ikuskizun laburra eskainiko dabe.

Kabi@n (aurten Landako barruan) 16:00etatik aurrera Teknologia eta hezkuntza formala eta informala-ren inguruan hausnartuko dabe. Saguganbaran (Landako aurrean, Alkartegian), indartsu hasiko dabe Azokako egitaraua. 17:30ean Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Musua disko liburua aurkeztuko dabe, eta 19:00etan Maritxipi eta Amatxo liburua aurkeztuko dabe.

Irudienean (Zugaza zinemetan) hiru ikus-entzunezko lan aurkeztuko dira: 17:00etan, Atsolorra film laburra; 17:30ean Sarkor, garena gara Sarkor musika taldearen inguruko dokumentala; eta 19:00retan Gu, Laboa Mikel Laboaren inguruko dokumentala, bere heriotzearen 10. urteurrena bete barri danean.

Ahotsenean lehenengo egunetik bertatik hasiko da musika eta literatur maratoia. Zuzenekoen karpan (Landako pareko lorategian), goizeko 11:00etan hasiko dira kontzertuak. Josu Bergara eta Eneritz Furyak bakarlariak egongo dira, Gatom rap abeslari bermeotarra, lehenengo diskoa kaleratu daben taldeak (Azalera, Dunne, Polybius), ibilbide luzeagoa dabenak (Madeleine, Lappa) eta abar. Solasaldien gunean (Landako barruan) hainbat idazlek euren lan barriak aurkeztuko ditue: Jasone Osoro, Aritz Gorrotxategi, Karlos Linazasoro, Thierry Biscary...

Egunero legez, Azokako egitaraua Plateruenan amaituko da. Kafe Antzokiko eszenatokia Huntza taldeak estreinauko dau, 23:00etan. Taldeak bere bigarren diskoa, Xilema, aurkeztuko dau. Sarrerak www.plateruena.eus webgunean edo Plateruenan bertan erosi daitekez (zortzi euro webgunean eta hamar euro txarteldegian).

Unean uneko egitaraua eta sortzaileen sinadura-ordutegiak www.durangokoazoka.eus webgunean konsultau daitekez egunero.

Durangoko Azokako antolakuntzeak dei egiten deutsee bisitariei garraio publikoa erabili deien Durangora etorteko. Euskotrenek, adibidez, zerbitzu bereziak eskainiko ditu abenduaren 6an, 8an eta 9an.

Autoa erabiltekotan, azokazaleek dobako autobus-zerbitzua izango dabe Iurretako peaje alboko aparkalekuetatik Landako guneraino, 20 minutuko maiztasunagaz, goizeko 10:30etik 20:00ak arte. Info gehiago hemen

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu