'Literaturea emozinoen lurralde' gaia ardatz Eztabaidak literatureagaz ekimenean
2018-11-16 11:56 KultureaAna Merinok eta Manuel Vilasek egingo dabe berba.
Argazkia: Manuel Vilas.
Topaketea Alicia San Juan kazetariak gidatuko dau, eta hainbat gai planteauko ditu, emozinoek idazteko orduan beteten daben lekua, literatureak emozionetea, irakurleak personaiakaz identifiketea, beharrezkoa dan ala ez, eleberri baten eragin emozionala lako gaiak jorratuko ditue. Ekitaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sartzea doban da leku guztiak bete arte eta streaming-ez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.
Manuel Vilas (Barbastro, 1962)
Poetea eta narratzailea da. Haren poesia liburuen artean, El cielo (2000), Resurrección (2005; Jaime Gil de Biedma XV. Saria), Calor (2008; Fray Luis de León VI. Saria), Gran Vilas (2012; Ciudad de Melilla XXXIII. Saria) eta El hundimiento (2015; Generación del 27 Nazinoarteko XVII. Poesia Saria) nabarmendu daitekez. Bere poesia lan bateratuak 2010ean argitaratu ziran, Amor izenburupean, eta Poesía completa lanean 2016an. Idatzitako eleberrien artean ondokoak aitatu daitekez: España (2008; Punto de Lectura, 2012), Quimera aldizkariak XXI. mendeko lehen hamarkadan gaztelaniaz idatzitako hamar eleberri garrantzitsuenen artean aurkeratutakoa, Aire Nuestro (Alfaguara, 2009; Cálamo Saria), Los inmortales (Alfaguara, 2012), El luminoso regalo (Alfaguara, 2013) eta Ordesa (2018). Kontakizun liburuak be idatzi ditu, Zeta (2014) eta Setecientos millones de rinocerontes (Alfaguara, 2015). Horrezaz gan, hainbat komunikabidetako ohiko kolaboratzailea da.
Ana Merino (Madril, 1971)
Poetea, dramaturgoa eta historietearen teorikoa da. 2000ko Belaunaldi Poetikoaren barruan dago. Historia Modernoan eta Garaikidean lizentziaduna Madrilgo Unibersidade Autonomoan, doktoretzea Pittsburggh-eko unibersidadean egin eban, eta bertan, komikia mundu Iberoamerikarrean gaiari buruzko tesia idatzi eban. 1994an, Adonais Saria irabazi eban Preparativos para un viaje liburuagaz, eta 1997an bere bigarren poema liburua etorri zan, Los días gemelos. Zenbait poema eta artikulu argitaratu ditu aldizkarietan eta egunkarietan, Clarín, Letra Internacional, Turia, Reloj de Arena, Leer edo ABC, eta errezitaldi eta berbaldi ugari eskaini ditu Espainian eta AEBetan.
2007. urtearen hasieran, Eztabaidak literatureagaz egitaraua martxan jarri ebenetik, euskeraz zein gaztelaniaz idatzitako literaturearen esparru osoko 300 egile inguruk hartu dabe parte eta 10.000 persona baino gehiago bertaratu dira. Gaur egun egitarauaren helburua literaturara hurreratzeko eremua eskaintzea da, baina bestelako ikuspegi batetik, besteak beste, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitekturea, musikea, bidaiak edo matematikak; edo literaturearen genero batean oinarritu, genero horretan sakonduz, topaketa bakotxera gonbidautako lagunekaz egindako jentaurreko barriketaldiaren bitartez.
Ondokoak dira igaz parte hartu ebenak: Gabriela Ybarra eta Carlos Pardo, Xabier Olarra eta Harkaitz Cano, Mayte Carrasco eta Álvaro Colomer, Lucien Etxezaharreta eta Lander Garro, Gabi Martínez eta Patxi Irurzun, Toti Martínez de Lezea eta José Luis Corral, Mikel Martínez eta Patxo Telleria, Lorenzo Silva eta Carme Riera, Elvira Navarro eta Iban Zaldua, Fernando eta Luis Marías anaiak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!