Durangoko Azokako guneetan aurkezpenak egiteko deialdia urriaren 1ean zabalduko da
2018-09-19 08:14 KultureaProposamenak aurkeztu ahal izango dira urriaren 1etik 15era.
Durangoko Azokea ez da liburuak eta diskoak erosteko lekua bakarrik, askoz harago doa topagunearen izakerea, izan be, Kulturearen Plaza bihurtzen da eta zenbait ekitaldiz gozetako aukerea izaten da urtero-urtero. Egitarau zabala atontzen da azokako zortzi guneetan, besteak beste, aurkezpenak, mahai-inguruak, hitzaldiak, emonaldiak, tailerrak eta bestelakoak.
Gauzak holan dirala, urriaren 1ean zabalduko da gune horreetan aurkezpenen bat egiteko deialdia eta urriaren 15era bitartean izango dabe sortzaileek euren proposamenak aurkezteko aukerea. Gune bakotxak egitarau propioa dauka eta, ondorioz, kudeaketea be desbardina da. Dana dala, gune gehienetan tarte bat doban ixten jake liburu, disko, ikus-entzunezko, antzezlan edo proiekturen bat aurkezteko interesa dabenei eta kasu honetan be eskaintzea dobakoa izaten da, salbuespenak egon arren.
Hona hemen gune bakotxaren gida laburtxua:
- Areto Nagusia: Aurkezpenetako 20 minutuko tarteak egokitzen dira, eta azokako partaideek eta euskerazko produkzinoek dabe lehentasuna. Halan da be, beste proposamen bereziek be izaten dabe noizbehinka lekua.
- Kabi@: Kultura digitalagaz zerikusia daben aurkezpenak eta ekitaldiak antolatzen dira. Egitarauaren zati bat aurrez zehazten da, baina proiektuak aurkezteko behar izaten dan tartea be egokitzen da.
- Ahotsenea: Sortzaileen gunea da. Bertan izena emoteko, deialdia zabalik dagoanean, Ahotsenearen webgunean dagoeneko eskuragarri dagoan fitxea bete eta e-postaz bialdu behar da.
• Ahotsenea Barriketaldiak: Euskarazko literatura lanak aurkezteko gunea da eta 25 minutuko aurkezpenak egiteko aukera dute sortzaileek.
• Ahotsenea Zuzenekoak: Landakogunearen alboan, karpapean egokitzen den gunea da. Euskarazko lanak aurkezteko musika kontzertu laburrak dira, 30 minutukoak.
- Azoka TB: Azokan jazotakoa zabaltzeko ikus-entzunezko komunikabidea da, Durangoko Azokearen youtube kanalean ikus daitekeena. Gune honetan ez da aurkezpenik egoten.
- Szenatokia: San Agustin kultur gunea da bere kokalekua, oinezko bidean Landakogunetik 5 minutura dago, hain zuzen be. Antzokia da eta euskerazko antzezlanek edota arte eszenikoakaz zerikusia izan leikien proposamenek osotzen dabe egitaraua. Dana dala, aurrez zehaztuta dago egitaraua da eta ez da gune honetarako deialdirik zabaltzen.
- Irudienea: Landakogunetik 100 metrora dago, Durangoko Zugaza Zineman. Euskerazko ikus-entzunezkoak erakusteko gunea da eta aurkezten dan ikus-entzunezkoaren emonaldia baino lehen, 10-15 minutuko azalpen laburra egiteko tartea izaten da.
- Saguganbara: Landakogunearen ondoan, Alkartegia eraikinaren hall eta aretoan dau kokalekua. Ume eta gazte arloan, arte diziplina desbardinetako sormen lanak ezagutzera emoteko gunea da, beraz, denpora tarteak disziplinetara egokitzen dira.
- Plateruena: Landakogune ondoko antzokia da. Azoka egunetan, egunez taberna zerbitzua eta gauetan kontzertu luzeak eskaintzen ditu. Ez da aurkezpenetarako deialdirik zabaltzen, antzokiko arduradunek ohiko bideetatik programetan dabe eta ordaindutako kontzertuak dira.
Deialdia zabaltzen danean zer egin
Zure aurkezpena egin nahi dozun gunea bisitau behar da (Azokako webgunean Guneak ataletik dagoz sarrera zuzena edota gune bakotxaren izenburua artikulu honetan klikauta), eta gune horri jagokozan argibideak jarraitu behar dozuz. Kontuan izan behar dozuzan gauza bi:
- Urriaren 1etik 15era egongo da deialdia zabalik.
- Eskaria egiteak ez dau esan gura onartua izan zarenik; jagokon guneko arduradunaren baieztapena jaso behar dozu, e-postaz zein telefonoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!