Game Erauntsiak eta Azkue Fundazinoak lan-hitzarmena sinatu dabe
2018-03-28 12:14 KultureaMaiatzean Jokoteknia, euskerazko bideojokoen ganeko jardunaldia atonduko dabe.
Igazko zemendian adostu eben Game Erauntsiak eta Azkue Fundazinoak euren arteko alkarlana eta orain lan-hitzarmena sinatu dabe. Hitzarmenaren helburua bertako kulturea eta industria bultzatzea da, euskerea ardatz hartuta eta euskeraz egiten dan bertako bideojokogintza kulturea indartzeko.
Game Erauntsia alkartearen presidente Urtzi Odriozolak eta Azkue Fundazinoaren zuzendari Iurdana Acasusok alkarlana urteetan zehar iraunkorra izateko lanean jardungo dabela azpimarratu dabe. Alkarlan horretatik abiatzen da Jokoteknia, euskerazko bideojokoen lehen jardunaldia atontzeko konpromisoa.
Jokoteknia, Bilbon lehen aldiz euskera hutsean egingo dan bideojokoen ganeko jardunaldi bat da. Ekimen honen helburua da bertako industriaren eta jokozaleen diagnostiko bat egiteaz gan, hemengo bideojoko garatzaile eta jokalarien jokerak ikusi, hausnartu eta alkar ezagutzea.
Horretarako, Jokoteknia jardunaldian euskal bideojokogintza industriako aditu, ikasle eta jokalariak batera jarriko ditue, egun dagozan proiektu interesgarriak ezagutzeko, industriaren diagnostiko bat egin eta etorkizuneko lan arloak zeintzuk diran argitzen saiatzeko asmoagaz. Bide batez, euskerazko produkzinoaren ganeko gaur egungo diagnosi eta prospektiba bat egiten be saiatuko dira. Dinoenez, aukera bikaina izango da bideojokoen munduko arlo desbardinetako jentea alkar ezagutu, idea barriak hartu eta sinergia barriak sortzeko.
Kontuak kontu, jardunaldion lehenengo edizinoa, 2018ko maiatzaren 12an, Azkuna Zentroko Bastida aretoan egingo da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!