Sara Cuerdoren obrea ikusgai Deustuko zubian
2018-03-27 12:51 KultureaApirilaren 8ra arte egongo da erakusketea aginte-etxolan.
Proposamen artistiko barri bat heldu da Bilboko Deustuko zubiko aginte-etxola zaharrera, Sara Cuerdo sortzailearen eskutik: Lapso: tiempo transcurrido entre dos instantes erakusketea. Datorren apirilaren 8ra arte egongo da obra hau oinezkoentzat ikusgai. Instalazinoa berez EHUren Deustuko zubiko esku-hartze artistikoak programearen barruan kokatzen da.
Cuerdoren proiektu honek denporea lantzen dau, hau da, bere mugen ondorioz, momentu zehatz bat geldiarazoteko ezintasun bat. Horretarako, proposamena hartzen dauen espazioaren ezaugarri mugatuakaz jokatzen dau site-especific lan honek, ikusleen begiradapean eta uriko ikuspegitik. Horrek lanaren testuinguruan jarten laguntzen dau: urietan, batez be, Deustuko zubian kasu honetan, batera eta bestera dabilelako jentea; denporeak ez dau etenik. Denpora beraren eta hau biziteko dogun erearen artean dagozan mugak zalantzan jarten ditu obreak.
Sara Cuerdok sorkuntza eta diseinu gradua eskuratu eban Euskal Herriko Unibersidadeko Arte Eder fakultadean. Gaur egun, ikerketa artistikoaren ganeko masterra eta Autore Argazkilaritza masterra egiten dabil.
Deustuko zubiko esku-hartze artistikoak uri espaziorako arte proiektu bat da; lehen edizinoa 2012an egin eben eta ordutik hona 30 artista eta talde baino gehiagok parte hartu dabe aginte-etxola zaharrean, erabilera barri eta eguneratua emonez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!