Guggenheimeko hiru erakusketa, munduan erantzun onena izan dabenen artean

Bizkaie! 2018-03-27 08:50   Kulturea

The Art Newspaper argitalpenaren arabera, 2017ko zerrendako 7., 8. eta 9. lekuan dagoz.

Bill Violaren erakusketeak 710.000 bisitari erakarri zituan | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Guggenheim Museoa 2017an, munduan publikoaren erantzun onena izan daben erakusketen zerrendan agiri da. The Art Newspaper agerkari entzutetsuak plazaratzen dau urtero ranking hori, bataz beste eguneko bisitari gehien erakarri daben erakusketak aitatuaz. Lehenengo hamarren artean, Bilboko museoak leku nabarmena dauka, han ikusitako hiru erakusketa agiri diralako; Ken Jacobs: Gonbidatuak; Bill Viola: atzera begirakoa eta George Baselitz. Heroiak erakusketak zazpigarren, zortzigarren eta bederatzigarren postuan dagoz, hurranez hurran, hamar onenen zerrendan. Egunean 6.000 bisitaritik gora jaso zituan bakotxak.

Ganera, Bill Violaren atzera begirakoaren bisitari-kopuru osoa kontuan hartuta, munduko jentetsuenetako bat izan zala ikusi leiteke: 710.995 personak bisitau eben, 2017an beste erakusketa bik baino gainditu ez daben zenbakia. 6.229 ikusle joan ziran egunero, bataz beste, Violaren artelanak ikusten.

Zerrendako lehenengo hamarretatik kanpo geratu bada be, Signac, Redon, Toulouse-Lautrec eta garaikideak erakusketea be aitatzekoa da, bataz beste egunero 5.000 bisitari pasautxu izan zituan eta. Horri esker, zerrendako 18. lekuan dago.

The Art Newspaper argitalpenak erakusketa klaseen arabera be egiten ditu sailkapenak. Guggenheim Museoak leku nabarmena dau kategoria horreetako batzuetan. Alde batetik, Arte Garaikidean, bisitari gehien jaso daben hamar erakusketatik lau Bilbon egon ziran: Ken Jacobs: Gonbidatuak, Bill Viola: atzera begirakoa, George Baselitz. Heroiak eta Pierre Huyghe: (Titulu bakoa) Giza maskarea hirugarren, laugarren, bosgarren eta hamargarren dira, hurranez hurran.

Bestetik, Postinpresionismoa eta Arte Modernoaren atalean, jentearen erantzun bikaina izan daben hamar erakusketetatik bi jagokoz Guggenheimi: Signac, Redon, Toulouse-Lautrec eta garaikideak,  zazpigarren  postuan, eta Francis Bacon. Picassotik Velázquezera hamargarrenean.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu