Artelanak ikusgai Bermeoko 60 dendatan

Bizkaie! 2018-03-27 08:37   Kulturea

Herriko artistei bultzadea emon eta merkataritzea indartu gura dabe.

José Ramón Galdonak egindako 'Bolatoki' koadroa, denda bateko erakusleihoan (argazkia: Bermeoko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bermeoko Udalak, Berton merkatari alkarteak eta Barrueta alkarte artistikoak antolatu dabe erakusketea, herriko dendakaz lankidetzan. Igaz be antzeko ekimen bat egin eben eta harrera bikaina euki eban. Hortaz, aurten barriro ipiniko ditue artelanak Bermeoko dendetan.

Martiaren 26tik apirilaren 22ra arte egongo dira artelanak ikusgai, Bermeoko 60 dendatan, gitxi gorabehera. Gehienak Alde Zaharrekoak dira, baina herriko ganerako auzoetako denda batzuek be bat egin dabe, izan be, merkataritzea bultzatzea eta dinamizetea da helburua.

Beste helburu bat herriko artistei ikusgaitasuna emotea da, herritarrek jakin daien Bermeoko artistek zelako obrak egiten dituen. Horregaitik, ikusgai dagozan pieza guztiak bertako sortzaileek eginak dira. Estiloari jagokonez, danetarikoak dagoz. Ganera, obra batzuk salgai dagoz.

Irune Ormaetxea Bermeoko Turismo eta Merkataritza zinegotziak azpimarratu dauenez, ekimen polita dala uste dogu, izan be, herriko dendetan erosketak egiten dozuzan bitartean, herriko artistak eta euren artelanak ikusteko aukerea eskaintzen dau. Ekimenari esker, herriko merkataritzea eta artea bultzatzen da, eta Alde Zaharra indartu, ganeratu du. Herritar eta bisitari guztiak konbidau ditu Bermeoko dendak ezagutzera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu