Basque Fest-ek 235 proposamen dakarz Aste Santuan Bilbora

Bizkaie! 2018-03-28 16:29   Kulturea

Euskal kulturearen jaia hilaren 28an hasiko da.

Xabier Otxandiano zinegotzia, egitarauaren barri emoten (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Aste Santuko egunetako eskaintza kulturalari bultzadea emoteko asmoz antolatu dau Bilboko Udalak Basque Fest. Orain arteko egitaraurik oparoena izango dau aurtengo edizinoak, dobako 235 ekintza iragarri ditue eta. Era horretara, bilbotarrek eta bisitariek euskal kulturearen adierazpideez disfrutau ahal izango dabe eta, era berean, uriarentzako dinamizatzaile ekonomikoa izango da.

Gastronomia, herri kirolak, euskerazko musikarien emonaldiak, jantzea, ibilbideak itsasadarrean, kalejirak, tailerrak, azokak, bertsolaritzea, umeentzako planak... eskaintza askotarikoa izango da. Euskal uniberso osoa egongo da Basque Fest-en, Udalaren arabera. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoa dau Udalak antolakuntzan, baita uriko merkatari alkarteena eta turismo alorreko eragileena be.

Inaugurazinoa martiaren 28an, eguaztena, egingo dabe Azkuna Zentroan, Juan Mari Aburto alkatea buru dala. Manez eta Kobreak taldearen kontzertua egongo da ekitaldi horretan. Thierry Biscary da taldeko burua, eta euskal errepertorioa eskainiko dau, zirkuko artistakaz batera. Atlantikaldia jaialdiagaz lankidetzan helduko da taldea Bilbora.

Zuzeneko musikearen atalean, Kepa Junkeraren emonaldia be aitatzekoa da. Hilaren 30ean Plaza Barrian joko dau, FOK disko barria aurkezteko. Herrialde Katalanetako musikari tradizionalak batzen dituan Amics de FOK proiektuko kideen laguntzinoa izango dau Junkerak. Hilaren 31n, bestetik, Ruper Ordorikak joko dau Azkuna Zentroan.

Publikoak euskal jantzetako oinarrizko pausuak ikasteko aukerea izango dau Guggenheim Museoaren aurreko zabalgunean, hilaren 31n. Ganera, Aiko Taldeak jantzaldi-erromeria bi antolatu ditu. Basque Fest-ek sekula baino agertoki gehiago izango ditu, aurten hiru espazio barri estreinauko ditue eta: San Anton zubia, Arte Berreginen Museoa eta Erriberako merkadua. Itsasadarra izango da ekitaldien erdiguneetako bat, itsasontzi ganeko ibilaldi antzeztu eta guzti.

Programazino ugari horri esker, Udalak espero dau kultura eta aisialdiko erreferentzia izango dala uria Aste Santuan. Emondako kopuruak, behinik behin, kontuan hartzeko modukoak dira: 285 artista, ikuskizunen ardurea daben 53 enpresa, 235 behargin, 25.000 informazino-liburuxka... Igaz, 91.000 lagunek hartu eben parte Basque Fest-eko jardueretan.

Egitaraua, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu