Emakumeen Eguneko postalak banatuko ditu Foru Liburutegiak
2018-03-08 08:22 KultureaBilboko eraikin horretara joaten diranei doban emongo deutsiez gaur, martiak 8.
Emakumeen Eskubideen Nazinoarteko Egunagaz bat eginaz, Bizkaiko Foru Liburutegiak sei postal argitaratu ditu, eta horreen 3.000 erreprodukzino banatuko ditu herritarren artean. Liburutegiaren artxibotik hartutako sei argazki dira, XX. mendearen hasierakoak, eta emakumeek gizarteari egindako ekarpenak erakusten ditue. Sei momentu historiko dira: Esne-saltzaileak merkadurako bidean (1915); Erropea garbitzen, ibaian (Abusu, 1912); Antxoak sareetatik askatzen (Lekeitio, 1950); Lanak egiteko aretoa (Durango, 1910); L. Anduiza bitxigintza eta zidargintzako fresaketa-lantegia (Bilbo, 1920); eta, azkenik, L. Anduiza bitxigintza eta zidargintzako mahai-tresnen biltegia (Bilbo, 1920).
Izan direlako gara, garelako izango dira lelopean, postalak banatzeko kapaina honen eta eraikinaren kanpoaldean ipinitako irudiaren bidez, gogoetarako bidea zabaldu nahi dau Foru Liburutegiak. Ikusten ez ziran lanaldi amaiezinak egiten zituen hainbat emakume anonimoren inguruko gogoetea, hain zuzen. Bizkaiko Foru Aldundiak emakume horreen lan isila, iraunkortasuna eta itxi deuskuen ondarea autortu nahi deutse emakumeei.
Bilboko erdigunean dago Bizkaiko Foru Liburutegia. Postalak eskuratzeko, bertako beheko pisuko informazino-bulegoan eskatu besterik ez da egin behar.
Bestetik, Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu dau, bere menpeko museoetan martiaren 8agaz lotutako jarduera berezi ugari antolatu dituela. Aste honetan eta hurrengoetan, emakumeen lanaren inguruko erakusketak, berbaldiak, bisitaldiak, tailerrak eta abar egongo dira. Bermeoko Arrantzaleen Museoan, Arkeologi Museoan, Euskal Herria Museoan, La Encartada fabrika-museoan eta Santimamiñen izango dira jarduerok.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!