Nagore Legarretaren argazkiak, Ondarroan
2018-03-06 10:16 KultureaMartiaren 23ra bitartean ikusi ahal izango da Hysterion, Etxelilan.
Argazkilaritza estenopeikoaren teknikea erabiliz ateratako argazki bitxiak ikusteko aukerea emoten dau Ondarroako Etxelilan gaur zabaldutako erakusketeak. Emakumeen gorputz-zatiak nahastauta eta zuri-baltzean agiri dira Nagore Legarretaren argazkietan, forma arraroak osotuaz eta giro lanbrotsuan.
Emakumeen arteko hartu-emonaren inguruko proiektua da Hysterion, autoreak berak azaldu dauenez. Hartu-emon horreek alkartasunezkoak eta menpekotasunezkoak diran, poterea ala kidetzea sortzen daben galdetzen dau Legarretak. Tensino hori da erakusketearen oinarria.
Hysterion berbeak uteroa esan gura dau grezieraz. Erakusketa honek kontzeptu sendo bat dauka atzetik, Legarretaren esanetan: Personen desegituraketearen inguruko gogoetea, baita gizarteak sortzen dituan mekanismoei buruzkoak be. Genero ikuspuntua erabili dau autoreak bildumea sortzeko.
Dana dala, argazkion berezitasun nagusia teknikea da. Argazkilaritza estenopeikoa dalakoa erabili dau, teknika primitiboa, Legarretaren ustez. Lau zulodun ontzi zilindrikoak, atun-lataz egindakoak, erabili ditu kamara estenopeikoak sortzeko. Lau zuloei esker, emakumeen irudiak alkarregaz nahastau dira argazkietan eta horrek efektu berezia eragin dau, gorputzen arteko fusino moduko bat.
Hysterion Ondarroako Etxelila Emakumeen Topalekuan egongo da ikusgai, martiaren 23ra arte. Argazkilaritza estenopeikoaren inguruko tailerra be gidatu dau Nagore Legarretak egunotan eta hilaren 9an, barikuan, aurkeztuko dabe emoitzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!