Kostaldeko museoek ehun jarduera baino gehiago antolatu ditue
2018-03-02 11:46 KultureaEuskal Kostaldeko Museoen VI. Hilabetea izango da martia.
Gipuzkoa eta Bizkaiko itsasertzean dagozan hainbat museok bat egin dabe Euskal Kostaldeko Museoen Sarean. Itsasoagaz lotutako bizimoduaren, ondarearen zein aberastasun naturalen inguruan gordeten dituen altxor guztiak herritarrei hurreratzeko asmoz, Kostaldeko Museoen Hilabetea antolatu dabe, seigarren urtez. Marti guztian 100 jarduera inguru egongo dira 30 museotan.
Aurtengo edizinoan, museoetan gordeten dan ondare material eta inmaterialean jarriko dabe arretea, 2018a Europako Ondare Kulturalaren Urtea dala aprobetxauta. Horretarako, familientzako tailerrak, itsas-ibilaldiak, bisita gidatuak, proiekzinoak eta abar sartu ditue programazinoan. Ekintza gehienak dobakoak izango dira. Ganera, horreetako batzuk barriro egingo ditue Aste Santuan, ahalik eta publiko gehien erakarteko asmoz.
Museoen Hilabetean Gipuzkoa eta Bizkaiko 30 museok parte hartuko dabe; horreetako, batzuk itsasoagaz eta kostaldeko bizimoduagaz lotuta dagoz, esaterako Bermeoko Arrantzaleen Museoa, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa, Getxo eta Donostiako aquariumak, Albaola Itsas Faktoria eta Lekeitioko Santa Katalina faroa. Beste batzuk, ostera, itsas-ingurunean dagoz, baina bestelako gaiak lantzen ditue: Txakolingunea, El Pobal Burdinolea, Gernikako Euskal Herria Museoa, Urdaibai Bird Center eta abar.
Egitarau zabal hau ez da Euskal Kostaldeko Museoen Sareak antolatzen dauen ekimen bakarra, baina bai zabalena. Orain dala sei urtetik, Museoen Hilabetearen bidez eskaintza turistikoa aberasten eta kostaldeko ondare kulturala indartzen dabe museoek, erakunde publikoen laguntzinoagaz. Horretarako, ezinbestekoa da museoen arteko alkarlana, baita turismo azpiegituren inplikazinoa be.
Egitarau osoa, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!