'Egin'-en agiriak Euskadiko Artxibo Historikoan gordeko ditue

Bizkaie! 2018-03-01 13:02   Kulturea

Dokumentu-funtsa osoa interesa daukien guztien esku jartea da asmoa.

Argazkia: Irekia | Ikusi handiago | Argazki originala

1998ko garagarrilaren 15ean zarratu eben Egin egunkaria, Baltasar Garzón epailearen aginduz eta, harrezkero, Hernaniko egoitzan egon dira agiri guztiak. Eusko Jaurlaritzearen Ondare Zuzendaritzeak dokumentu-funts hori Euskadiko Artxibo Historikora eroateko prozesuari ekin deutso, Espainiako Audientzia Nazionalaren baimena dauka eta.

Behin-behinean egongo dira agiriak Artxibo Historikoan. Edozelan be, Jaurlaritzearen esanetan beharrezkoa izan da agiriak lekuz aldatzea, Hernaniko egoitzan geratu ezkero hondatu eta galtzeko arriskua egon dalako. Egin-en hamarkada bi baino gehiagoko jardunean batutako argazkien eta dokumentuen inguruko kezkea eukan Jaurlaritzeak. Artxibo Historikoan, interesa dabenen esku egongo dira agiri guztiak, esaterako, ikertzaileek erabili deiezan.

Egin egunkaria eta izen bereko irratia zarratu izana baliobakotzat jo eban epaitegi batek 2009an baina, halandabe, oraindino zarratuta dago Hernaniko egoitzea. 1998tik, eraikina eta barruko ondasunak suntsitzen joan dira. Horregaitik erabagi dau Ondare Zuzendaritzeak esku hartzea: gure eretxian, ondarearen ikuspegitik, interesa dauka Egin egunkariaren dokumentu-funtsak, baina suntsitzeko bidean egoan eta atzera bueltarik ez egotea izan eitekean, azaldu dau Mikel Aizpuru Kultura Ondarearen zuzendariak. Hori dala eta, uste dogu interesgarria izan leitekela behin-behinean Artxibo Historikoan gordetea. Han, hainbat jatorritako funtsak dagoz eta, zalantza barik, leku egokia da.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu