Euskal Mitologiaren ganeko erakusketea atondu dabe Bilbon
2017-12-15 09:57 KultureaUmeek urtarrilaren 5era arte Mari, Lamina, Tartalo eta Sugaar, besteak beste, ikusteko aukerea izango dabe.
Foru Liburutegiak itxurea aldatu dau aste batzuetarako, antxinako funtsak, prentsa, database, irudi digital eta antzeko materialen seriotasunak magiaz eta misterioz betetako personaiei egin deutse lekua: Olentzerok, Mari Domingik, Laminek, Mari jainkosak, Tartalok eta Jentilek, besteak beste, aretoa okupau dabe datorren urtarrilaren 5era arte. Erakusketeak bisitaria harritu egingo dau, dino Bilboko Liburutegiko kultura jardueretarako koordinatzaile Mikel Zabalak.
Erakusketa honegaz, euskal mitologiako personaiak umeakana hurreratu nahi ditue eta Gabonak familia osoa alkarregaz egoteko sasoi aproposa izanda, Foru Liburutegiak aukera hori beteteko plana eskaini nahi izan dau.
Txikitxuentzako erakusketa bat izanik, bestalde, azalpenak ulerterrazak dirala azaldu dau Zabalak, umeek zailtasunik barik irakurteko.
Horrezaz gan, bisita gidatuak atondu ditue ikastetxeentzako eta hamar lagun baino gehiagoko taldeentzako. Ipuin kontalaria be izango da eguenero 18:00etan, Mariren kobazuloan, erakusketak irauten dauen bitartean.
Pasa dan urteko Gabonetan be jarri eben martxan ekimena eta koordinatzaileak publikoaren erantzun ona nabarmendu nahi izan dau, izan be, aurreikuspen guztiak gainditu zituan. Foru Liburutegian inoiz egin dan erakusketa jentetsuena izan zan.
Kontuak kontu, Euskal mitologiaren ganeko ibilbideak urtarrilaren 5era arte izango ditu ateak zabalik astelehenetik barikura, 9:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Zapatuetan, barriz, 10:30etik 13:00etara. Jai egunetan itxita egongo da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!