Helduentzako bere lehen nobelea aurkeztu dau Nerea Arrien idazleak

Ainhoa Lores 2017-11-30 11:05   Kulturea

Hirutter da liburuaren izenburua eta Erein argitaletxeagaz kaleratu dau.

Nerea Arrien (Argazkia: Erein) | Ikusi handiago | Argazki originala

Helduen literaturara egin dau jauzia Nerea Arrienek Hirutter elebarriagaz. Liburu barritzailea da egitura aldetik, izan be, irakurlea sare sozialen munduan jarten dau. Twitter, Facebook, Whatsapp eta bestelakoak komuniketako gehien erabilten diran tresna bihurtu dira gizarte honetan eta honeek dira hain zuzen be, tramea hazurtzen dabenak.

Atal laburrez dago osotuta Arrienek plazaratutako lana, Twitterreko hari bat izango bazan moduan, dino, eta horrek dinamikotasuna eta bizkortasuna emoten deutso nobeleari.

Trameari jagokonez, sare sozialetan partekatzen daben sexuzko bideo bategaz abiatzen da eta honegaz batera, hiru personaz osotutako manada bat dagoala aurreratu dau idazleak: Ines, Martin eta Gari. Epaiketa mueta bi be badira istorioan, ohikoa eta birtuala eta ez hain biktimea dan biktima bat.

Txikitatik ezagutzen dabe alkar hiru protagonistek eta euren arteko hartu-emon gorabeheratsuak agiri dira istorioan, euren buruaren ganean kontetan eta izkutatzen dituenak.  Egilearen arabera, intimidade muetak dira liburuaren gai nagusia. Inesek, Martinek eta Garik jantzi bat jazten dabe intimidade horreek izkutatzeko eta hori estereotipoa da, horregaitik ainguratu naz sare sozialetan, honeek estereotipoen totema diralako.

Nerea Arrienek igazko maiatzean aurkeztu eban Pentsatzeko txokoa, bere lehenengo lana, gaztetxuentzako liburua. Urte eta erdiren ostean, orain, liburu bi dakarz eskuartean, Hirutter helduentzako eta Atrapa Eguna. Azken hau be gaztetxuei zuzenduta.

Lekeitiarrak biokimikea eta piano ikasketak egin zituan eta gaur egun irakaslea da. Bere testuek argia ikusi eben lagun argazkilari baten irudiei berbak jarri eutsazanean. Ordutik hona, kolaborazino asko egin ditu hainbat aldizkaritan. Ipuin sariketa pare bat be irabazi ditu, Hiria eta olatua eta Bi bala testuakaz. Pentsatzeko txokoa narrazinoagaz, XXXIV. Lizardi saria  irabazi eban.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu