Kultura Sailak Iruñeko ‘948 Merkatu’-ra eroan dau Sormen eta Kultura Industrien aldeko bere apustua

Bizkaie! 2017-11-16 10:00   Kulturea

948 Merkatuaren helburua da kulturearen arlo profesionaleko lan artistikoa beste lurraldeetako banatzaile eta eragile kulturalei aurkeztea.

Egunotan Iruñean ospatzen dagozan 948 Merkatuan, Nafarroako Arteen Merkatuan, Kultura eta Sormen Industrien aldeko bere apustua ezagutarazoteko eta beste zenbait arlotan be egiten dabizena hurreratzeko asmoz, Jaurlaritzeak hainbat jardunaldi antolatu ditu. Bingen Zupiria sailburua be Iruñean izan da egunotan, eta beste zenbait erkidegoetako kultura arduradunakaz batu da.

Aurten, lehen aldiz antolatu da 948 Merkatua-Nafarroako Arteen Merkatua; honen helburua da Foru Komunidadean kulturearen esparru profesionalean garatzen dagoan lan artistikoa beste lurraldeetako banatzaile eta eragile kulturalei aurkeztea. Honako diziplinetan dago ardaztuta: zinemea eta ikus-entzunezkoak; arte eszenikoak (antzerkia, jantzea, zirkua...), musikea; disko, liburu eta beste euskarrien argitalpena; arte plastikoak eta ikusmen-arteak; sormenaren eta kulturearen beste industriak (prototipo artistikoak, moda, diseinua, arkitekturea eta lanbide barriak).

Antolatzaileek azaldu dabenez, epe ertainean, 948 Merkatua-Nafarroako Arteen Merkatuak, erreferentziazko hitzordua izan nahi dau Euskal Autonomia Erkidegoa-Nafarroa-Akitainiak osotutako euro-eskualdeko arteen merkatu estrategiko legez. Era berean, produktu kulturalen jario eta alkartrukearen errazte-gunea izan nahi dau herrialde eta eskualdeen artean, Espainia zein Frantziako eragile kulturalei edegita egongo da.

Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirola eta Gazteria Sailagaz bultzatutako alkarlanari esker, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Kultura eta Sormen Industrien inguruko jardunaldiak antolatu ditu, Baluarte Jauregian. Sailburuagaz batera, Joxean Muñoz Kultura sailburuordea, Miren Arzalluz Etxepare Institutuko zuzendaria edota Aitziber Atorrasagasti Kultura Sustatzeko zuzendaria izan dira.

Kontuak kontu, ondokoak izan dira egunotako berbaldietan jorratutako gaietako batzuk: Kultura eta Sormen Industrien bide-orria lurralde-garapena lortzeko Europan; euskal zinemearen sistema: osoko ikuspegia (Zineuskadiren eredua); mugaz gaindiko proiektuak etorkizunean; Aquitaine.eus 2018-2019 egitasmoa; Focus Group Cultura Euroregion; 2014-2020 Plan Estrategikoa; garapen ekonomikorako aukera barriak Kultura eta Sormen Industrietatik; Euskal Herriko Musika Bulegoa eta bere jarduerea; kultura eta Sormen Industriak barrikuntzea sustatzeko; musikearen etekin kultural eta ekonomikoak; Dantzan Bilaka: testuinguru bizia koreografiaren inguruko sormenerako; Kultura Institutuak garapenerako pizgarri legez: nazioartekotzea; eta Arte Eszenikoen itunpeko zirkuitua.

Zupiria sailburua, besteak beste, honako agintariakaz batzartu da gaur: Manu Ayerdi Nafarroako presidenteordea, Ana Herrera Nafarroako Kultura, Kirol eta Gazteria kontseilaria, Eduardo Rodríguez Errioxako Kultura eta Turismo zuzendari orokorra; eta Maider Beloki Iruñeko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotzia. Akitania Berriko kultura arduraduna be izan da bileran.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu