Anton Chaly israeldarrak irabazi dau Barakaldoko Ilustrazino Lehiaketea
2017-11-16 08:35 KultureaAurten 959 proposamen aurkeztu dira.
Barakaldoko Udalak jakitera emon ditu Hermes, Umore Grafikoaren Nazinoarteko XIV. Lehiaketearen irabazleen izenak. Epaimahaiaren arabera, Anton Chaly israeldarrarena izan da ilustrazinorik onena. Beste lau sari be emon ditue: Bigarrena, Turkiako Musa Gumus-i; hirugarrena Espainiako Ana Barradori; laugarrena Hungariako Artur Juhasz-i; eta bosgarrena, barriz, Poloniako Pawel Kuczynski-ri.
Aurtengo gaia teknologia barriak izan dira; gizartean eta eguneroko bizimoduan daukien eragina ilustrazinoen bidez erakusteko zeregina izan dabe parte-hartzaileek. Mundu guztiko 59 herrialdetako 566 artista aurkeztu eta, guztira, 959 proposamen entregau ditue. Beraz, epaimahaiak izan dau non aukeratua. Amaia Ballesteros, Judit Allende eta Juan Garcia Cerrada izan dira epaimahaiko kideak, hirurak be ilustrazinoaren munduan bide luzea egindakoak.
Hermes lehiaketeak 4.500 euro pasautxu emon ditu saritan: 1.500 irabazleari, 1.000 bigarrenari, 800 hirugarrenari, 750 laugarrenari eta 500 bosgarrenari. Udalak azpimarratu dauenez, Barakaldon antolatzen dituen lehiaketen artean, parte-hartzaile gehien daukienetako bat da honako hau eta, ganera, atzerritik heltzen diran ilustrazino piloa nabarmendu dabe. Hamalau edizinoko ibilbidean, 82 herrialdetako ordezkariek parte hartu dabe. Gaur egun, urtero mila ilustrazino inguru jaso eta, danetara, 7.000 bat batu ditue historia guztian.
Aurten be ez dabe hutsik egin atzerriko parte-hartzaileek; berbarako, Irandik 57 lagunek bialdu ditue euren lanak. Turkia eta Argentinatik, 35nak. Bost sarituei jagokenez, bakotxa herrialde batekoa da, esaterako, irabazlea Israelgoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!