Mendia izango da Begira Photoren gai nagusia
2017-09-20 11:41 KultureaArgazkigintza garaikidea bultzatzeko asmoz egingo dabe jaialdia urriaren 26tik zemendiaren 18ra, Durangaldean eta Zarautzen.
Kinua Argazki Alkarteak antolatzen dau urtero Begira Photo. 2011n sortu ebenetik, argazkigintza garaikidea sustatzea eta gaur egun bizi dauen egoerea aztertzea, hainbat ikuspuntutatik landuta, izan dau helburu. Aurten zazpigarren edizinoa da eta urriaren 26tik zemendiaren 18ra egingo dabe. Gai nagusia Mendia izango da.
Edizino honetan, erakusketa areto gehiago izango dira Begira Photon, danetara lau: Durangoko Arte eta Historia Museoa eta Bizenta Mogel Udal Liburutegia, Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Zentroa eta Zarautzeko Photomuseuma. Lau aretoetan honako artista honeen lanak ikusi ahal izango dira: Jon Gorospe, Fernando Maselli, Martin Rueda, Carla Andrade, Moreno & Grau, Davide Maria Ferrari, Patricia Bofill, Marco Miranda eta Xavier Martinenak.
Erakusketez gan, beste ekintza batzuk be egingo ditue jaialdian, horreen artean: Sema D’Acostagaz barriketaldia, Txema Salvansen ikastaroa, argazki-liburuen nazinoarteko erakusketea, El fotolibro chileno ikerketearen aurkezpena, Infinitu artifiziala argitalpena, hainbat berbaldi eta mahai-inguru eta Argazkilaritza mintzagai saioa.
Amaitzeko, argazkigintzearen arloko sorkuntzea eta ikerkuntzea autortzeko sari bi banatuko ditue jaialdian. Argazkigintzearen sorkuntzea eta Argazkilaritza-saiakerea izango dira lehiaketa horreen gai nagusiak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!