Gazteentzako Beldur Barik Lehiaketea martxan da

Bizkaie! 2017-09-19 10:31   Kulturea

Jarrera matxisten aurrean zelan erantzuten daben erakutsi beharko dabe bideoen bidez.

Aurten be Beldur Barik Lehiaketea martxan jarri dau Emakundek 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzenduta. Ekimenaren helburua da gazteek erakustea zelan erantzuten daben jarrera matxisten aurrean eta zelan egiten deutsien aurre indarkeria sexistearen adierazpenei. Horretarako ikus-entzunezko produkzinoak aurkeztu beharko ditue zemendiaren 13a baino lehen.

Lehiaketea kategoria bitan banatu dabe: 12-17 urte dituenentzat, eta 18-26 urtekoentzat. Bakarka zein taldeka hartu daiteke parte ekimenean, ikastetxe, ikasgela nahiz alkarte moduan.

Beldur Barik Lehiaketea ez da ikus-entzunezkoen lehiaketa huts bat; parte-hartzaileen proiektuek Beldur Barik jarrerea islatu behar dabe, hau da, kultura matxistea eta indarkeria sexistearen era guztiak eraldatzeko konpromiso personala eta kolektiboa, era komiko eta kritiko baten beti be.

Kalidade teknikoa edo artistikoa baino gehiago, mezua balorauko dabe: eztabaidea eta gogoetea eragiteko gaitasuna, batez be nesken ahalduntzean eta indarkeria matxistea desagertzeko mutilek daben arduran oinarrituta.

Mueta guztietako adierazpen artistikoak aurkeztu ahal izango dira lehiaketa honetan: Lipdub, performance, bideoklipa, fotomontajea, abesti bat… Bost minutuko iraupena izan beharko dabe gehienez.

Lehen saria 500 eurokoa izango da, eta kategoria bietako bakotxean 300 euroko aitamen berezia emongo da. Horrezaz gan, jentearen botoen bidez emongo dan saria 300 eurokoa izango da; azkenik, ikus-entzunezko lanik onena baloretako 300 euroko sari bat be egongo da.

Proiektu honi lotutako erakundeen ordezkariak eta aurreko edizinoaren irabazleak izango dira lehiaketako epaimahaikideak, hainbat arlotan ibilten diran personakaz batera: feminismoa, sormen mundua, kulturea, hezkuntzea, berdintasun-politiken sustapena eta emakumeakanako indarkeriaren kontrako burrukea.

Aurtengo edizinorako Eibar udalerria aukeratu dabe Beldur Barik Lehiaketako sariak banatzeko eta tailerrak eta bestelako jarduerak egiteko. Horregaitik, udagoienean ekintza ugari atonduko ditue udalerriko eragileakaz alkarlanean, eta eurek erabagiko dabe ze esku-hartze egingo diran urtean zehar, gazteen artean indarkeria sexisteari aurre egiteko.

Sariak abenduaren 2an banatuko ditue; egun horretan bertan, eztabaidak, prestakuntza-tailerrak eta jarduera ludikoak be egingo ditue, jai giroan.

Beldur Barik programea 2009. urtean sortu eban Emakundek, bardintasunaren aldeko euskal udalerrien Berdinsarea izeneko sarearen esparruan. Gaur egun, Bizkaiko Foru Aldundiak, EUDEL, Eusko Jaurlaritzea, EHU eta EITBren babesa be badauka. Gazteakaz lan eginda, indarkeria sexisteari aurre egitea da egitasmoaren helburu nagusia.

Programearen ganeko informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu