Guggenheimek XX. urteurrena Bilboko dendakaz ospatuko dau
2017-09-18 12:32 KultureaMuseoaren irudia eta urteurrenaren leloa ikusi ahal izango dira egun honeetan Bilboko 235 komertziotako erakusleihoetan.
Hilebete falta da Guggenheimek ateak edegi zituanetik 20 urte egiteko eta dagoeneko ospakizunakaz hasita dago. Bilboko museoak bere XX. urteurrena erdialdeko eta alde zaharreko dendakaz ospatu nahi izan dau eta horretarako, uriko 235 dendatako erakusleihoak apaindu nahi izan ditue, okasinorako propio diseinautako oroitzapenezko biniloakaz.
Ekimen honegaz, museoak eta Bilboko merkatariek urteurrenaren ospakizuna uriko kaleetara eroan nahi izan dabe. Kanpaina hau aurrera eroateko ezinbestekoa izan da Bilbo erdialdeko eta alde zaharreko merkatari alkarteen parte hartzea. Kanpainan mueta guztietako dendak dagoz, hainbat sektoretakoak: modea, dekorazinoa, bitxi-dendak, argazki-dendak, zapata-dendak, janari-dendak, ostalaritzakoak eta osasun-zentroak.
Kontuak kontu, kanpaina honi esker autorpen bat egin nahi izan jake Bilboko kaleak dinamizetan laguntzen daben merkatariei eta euren bezeroei.
Erakusleihoetan ikusi ahal izango dan irudia museoaren siluetearen marrazki bat da, persona batzuekaz eta XX. urteurrenaren leloagaz, Arteak dana aldatzen dau, batera.
Azken buruan, binilo honeek zemendira arte egongo dira dendetan, hau da, XX. urteurreneko ospakizunak amaitu arte.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!