Bernat Etxepare Lizeo erabarritua zabaldu dabe Baionan

Bizkaie! 2017-09-18 10:27   Kulturea

Zentroan lanbide-heziketa saila edegi dabe euskeraz ikasteko aukerak indartzeko asmoz.

Erakundeetako ordezkarietako batzuk: Jean René Etchegaray, Cristina Uriarte, Bingen Zupiria eta Koldo Tellitu | Ikusi handiago | Argazki originala

Bernat Etxepare Lizeo erabarritua edegi dabe asteburu honetan Baionan. Orain arte Ipar Euskal Herrian euskeraz ikasteko aukerea eskaintzen izan dauen lizeo bakarra da, institutuaren pareko zentrua. 1990ean sortu eben 15 eta 18 urte bitarteko gazteentzat. Orain beste pausu bat emon nahi izan dabe eta bertan, lanbide-heziketa sail bat zabaldu dabe. Euskeraz ikasteko aukera horreek indartzeko asmoagaz, hain zuzen be.

Inaugurazinoan hainbat erakundetako ordezkariak izan dira, horreen artean: Ikastolen Alkarteko zuzendari Koldo Tellitu, Akitaniako presidente Alain Rousset, Baionako alkate eta Euskal Alkargoko presidente Jean Rene Etchegaray, Seaskako presidente Paxkal Indo, Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua.

Ekitaldian, Zupiriak euskerearen bizibarritze prozesuan hezkuntzeak dauen garrantzia nabarmendu dau: proiektu honek euskerearen erabilerea bultzatzen lagunduko dau hezkuntzearen bitartez. Era berean, funtsezkoa da euskerea lanbide-heziketearen mundura eroatea eta baita lan mundura eta arlo sozioekonomikora be.

Iparraldeko euskaltzaleek hainbat ekimen jarri ditue martxan bertako lanbide heziketako euskerazko eskaintzea sendotzeko asmoz. Azken urteotako Herri Urrats jaietan batutako dirua Etxepare Lizeo barrira bideratu dabe. Seaskako gurasoek be igaz 3.500 sagarrondo salgai jarri eta danak saldu zituen, danetara, 200.000 euro. Ganera, hainbat lagun eta alkarte euren izenean laguntzinoa emoten ibili dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu