Poloniako Wroclaw urian erresidentzia artistikoak egiteko deialdia zabaldu dau Etxepare Institutuak
2017-05-19 13:26 KultureaIgaz Europako Kultura Uriburu izandakoan euren proiektuak egin ahal izango ditue euskal artista bik.
Artists in Residence programearen eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko alkarlanari esker, beste urte batez euskal sortzaileek egonaldiak egin ahal izango ditue Wroclawn urian. Uriaren kultura eta identidade garaikidearen inguruko egitasmoa landu beharko dabe deialdiko irabazleek Polonian.
Zortzi asteko egonaldia izango dala aurreratu dau Etxeparek, garagarrilaren 31tik irailaren 24ra. Eskabideak egiteko epea bagilaren 19ra arte dago zabalik. Sorkuntzearen eta artearen barruan, edozein disziplinatako hautagaiak aurkeztu leitekez. 2.000 euroko laguntzinoa jasoko dau aukeratutako bakotxak, bidaia eta ostatu gastuez gan.
Uria eta bere kulturea izango dira aurtengo egonaldiaren abiapuntua. Holan, eszena urbanoan interesa izan leikien artistei deia egiten jake. Euren proiektuen aurkezpena egingo dabe aukeratutako artista biek, irailean Wroclawn-en bertan antolatuko diran City and Culture izeneko jardunaldietan. Horrezaz gan, berbaldi bana emon beharko dabe.
Wroclaw Europako Kultura Uriburu izan zan 2016an, Donostiagaz batera. Hain zuzen, 2014tik martxan dago alkartrukerako programea euskal artisten eta Poloniako uriaren artean. Aurreko edizinoetan, ikus-entzunezko proiektuak, soinuzkoak, literarioak, plastikoak eta abar gauzatu ditue euskaldunek Wroclaw-en.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!