New Yorkeko Guggenheim Museoko egonaldien programea, zabalik
2017-04-24 09:41 KultureaEuskal Autonomia Erkidegoko artista bik parte hartu ahal izango dabe egonaldian, urrian. Hautagaitzak aurkezteko epea zabalik dago.
Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim museoek hirugarren aldiz jarri dabe martxan Amerikako Estadu Batuetan egonaldi artistikoak egiteko deialdia, euskal artista gazteei zuzendua. Maiatzaren 24ra arte, euren hautagaitzea aurkeztu ahal izango dabe Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten daben sortzaileek. Euren ibilbidean hasibarriak izan behar dabela zehazten da oinarrietan.
Bilboko Guggenheim Museoak eta Solomon R. Guggenheim Fundazinoak 2014an sinatutako kudeaketa akordioaren bidez sortu zan egonaldien programa hau. Lehenengo edizinoan, 2015ean, Alain Urrutia eta Carla Tovar joan ziran New Yorkera. Igaz, bigarren edizinoan, Diego Vivanco eta Carlos Villavicencio aukeratu zituen.
Aukeratutako artista biak lau astez egongo dira New Yorken, hango giro kulturala ezagutu eta euren proiektu artistikoak garatzeko helburuagaz. Urrian joango dira Amerikara. Han, New Yorkeko Guggenheim Museoaren babesa izango dabe. Artista, komisario eta erakunde artistikoak ezagutu eta hareekaz hartu-emona hasteko erea emongo jake, museoko profesionalen eskutik.
Bilboko Guggenheim Museoak zehaztu dauenez, Euskal Autonomia Erkidegoan lan egiten daben artistek egin ahal izango dabe parte hartzeko eskaria, orain hasi eta maiatzaren 24ra arteko epean. Artista gazteak edo hasibarriak aurkeztu ahal izango dira, 1982an edo geroago jaiotakoak. Aukeratutako artista bakotxari 2.500 dolarreko laguntzinoa emongo deutsie.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!