ABAO-OLBEk Urrezko Dominea emon deutso Javier Viarri

Bizkaie! 2017-02-10 13:06   Kulturea

Bilbon kulturea, artea eta operea bultzatzen egindako lanagaitik omendu nahi dau ABAO-OLBEk Arte Eder Museoko zuzendaria.

Javier Viar eta ABAO-OLBEko presidente Juan Carlos Matellanes | Ikusi handiago | Argazki originala

Berez, arte plastikoen munduan egin dau ibilbide profesional guztia Javier Viarrek, baina musikeagaz eta opereagaz be hartu-emona izan dau betidanik. Erretiroa hartu eta Bilboko Arte Eder Museoaren zuzendaritzea itxiko dauen urtean, omenaldi berezia egin nahi izan deutso ABAO-OLBEk, Bilboko Operearen Lagunen Alkarteak, erakundearen Urrezko Dominea emonda. Alkarteko Zuzendaritza Batzordeak aho batez onartu dau Urrezko Dominea Viarri emotea.

Wagner zalea zan aitita bati esker, operazale sutsua da Javier Viar, OLBEk dinoanez. 1989tik OLBEko bazkidea da. Guretzat parebako laguntzailea izan da, beti agertu dau konpromisoa opereagaz eta alde profesionaletik be babestu gaitu, azaldu dau alkarteak ohar baten.

Opereari emondako babes horregaitik saritu dau OLBEk Viar, baina alkarteak adierazo dauenez, Bilboko kulturearen eragile nagusietako bat be bada eta hori arrazoi nahikoa da dominea emoteko. Bilbon kulturea eta artea bultzatzeko Javier Viarrek izan dauen ardurea azpimarratu dau OLBEk.

Ganera, uriko kulturearen alorrean erreferente diran erakunde bi, OLBE eta Arte Eder Museoa, hurreratzeko egindako ahalegina nabarmendu dau. Kalidadezko eskaintza kulturalaren, garapen ekonomikoaren eta Bilboren kanpo-irudiaren inguruko printzipio eta baloreetan bat egiten dogu Bilboko Arte Eder Museoak eta OLBEk, adierazo dau alkarteak oharrean.

OLBEren Urrezko Dominea 1953tik emoten da, baina orain arte 30 personari baino ez jake emon. Arte lirikoaren, hau da operearen, alorrean sortzaile, babesle edo bultzatzaile izan diran persona eta erakundeei emoten deutsie Operen Lagunen Alkarteak dominea. Artistak, politikariak, zaleak eta kultur eragileak dagoz sarituen artean. Javier Viarren aurretik, azken urteotan José Manuel Zubeldia doktoreari, Pedro Azpiazu politikariari eta Iñaki Azkuna alkateari emon deutsiez dominak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu