Danzalava jaio da, Euskadin jantza garaikidea sustatu eta zabaltzeko

Bizkaie! 2017-01-17 08:55   Kulturea

Danzálavan parte hartzeko, altrastedanza@gmail.com helbidean emon behar da izena. Informazino gehiago hemen.

Pas de Basque guraso alkarteak, Altraste Janza taldeagaz eta José Uruñuela udal jantza konserbatorioagaz batera, Danzálavaren lehenengo edizinoa antolatu dau, Euskadin jantza garaikidea sustatu eta zabaltzeko helburuagaz; horretarako, lantegiak, koreografia erakustaldiak eta euskal koreografo gazteei laguntzeko topaketak programau ditue.

Jose Uruñuela jantza konserbatorioko zuzendaritza-kontseiluko lehendakari Estíbaliz Cantok azaldu dauenez, 'pozgarria da Danzálavaren lehen edizinoa egitea, arte koreografiko horretan interesa dabenen kalidadea eta proiekzinoa hobetzen lagunduko dauelako, eta jantza garaikidea sustatzen eta zabaltzen'.

2017ko lehen seihilekoan lantegiak egingo dira, eta estaduko zein atzerriko jantza garaikideko irakasle eta profesional handiak etorriko dira; horri esker, Gasteiz erreferentzia bihurtuko da estaduan jantza garaikideko berariazko prestakuntzeari jagokonez.

Iñaki Azpillaga, Guillermo Weickert, Victoria P. Miranda eta Daniel Abreu igaroko dira gure uritik, hau da, jantza europarreko goi mailako figurak, ospe handiko konpainiakaz lotura zuzena dabenak: Última Vez (Wim Vandekeybus), Provisional Danza (Carmen Werner), ErrequeErre, Cocoon Dance Company eta Compañía Daniel Abreu (hori dala eta Abreuk 2014ko Jantza Sari Nazionala irabazi eban, koreografia atalean).

José Uruñuela udal jantza konserbatorioak lekua itxiko dau, eta bertako irakasleek eta ikasle-ohiek (profesional legez gure mugen barruan eta kanpoan aktibo dabizenak) aholkularitzea emongo dabe.

Kontuak kontu, publikoaren sensibilizazinoak aparteko garrantzia dauka proiektuan; hori dala eta, lantegiakaz batera jente danari edegitako sensibilizazino-berbaldiak antolatuko dira, uriko zenbait taldegaz batera: TAE (Eszena-Arte Tailerra), Espacio Sinkro (soinu-artista garaikideen taldea) eta Kolectivo Monstrenko (izaki poliedrikoen taldea).

Azkenik, proiektuaren oinarrietako bat baita, topaketa bat egingo da, Gasteizen beren lanak aurkeztera datozen koreografoen eta Euskadiko koreografo gazte barrien artean, lanak eta ardurak azaldu eta konpartiduteko eukerea izan deien.

Egitarauari jagokonez, lehenengo tailerra zezeilaren 25ean eta 26an izango da Guillermo Weickert-en eskutik: Jantza interpretea entrenetan izenburupean.

Martiaren 25ean eta 26an, Daniel Abreuk Airearen bitartez eskainiko dau.

Apirilaren 22an eta 23an, Victoria P. Mirandak Physical endless izenburuko tailerra emongo dau.

Azken buruan, bagilaren 26tik 30era, Iñaki Azpillagak Powerful and fragil eskainiko dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu