2017 urte barriak artez eta Kulturaz beteriko agendea dakar Leioan

Bizkaie! 2017-01-13 09:08   Kulturea

2017ko lehen seihilekoan, Kultur Leioako gune eszenikoetan, 22 ikuskizun izango dira: 5 antzerki, 5 jantza ikuskizun, 8 kontzertu eta 4 familia-ikuskizun.

Leioako Udaleko Kultura Sailak 2017ko urtarrila eta bagila bitarterako agendea aurkeztu dau, egitarau erakargarria, euskal agertoki anitza eta Estaduko eta nazioarteko artista nabarmenak buztartzen dituana. Egitarau ederra leioaztarrentzat eta Bilboko metropoliko beste udalerri batzuetatik bisitan doazenentzako.

2017ko lehen seihilekoan, Kultur Leioako gune eszenikoetan, 22 ikuskizun izango dira: 5 antzerki, 5 jantza ikuskizun, 8 kontzertu eta 4 familia-ikuskizun. Zinemea, erakusketak, lehiaketak, gazteentzako jarduerak Aterpe Leioa Gaztegunean eta hurreko programazinoa lau auzogeletan (Lamiako, San Bartolome, Txorierri eta Pinueta). Horrexek osotzen dabe Leioako kultura eskaintzea epealdi honetarako.


Antzerkia da urteko lehen emonaldiaren protagonista, baita datozen hileetakoa be

Urtarrilaren 13an, Bartzelonako Grec Festival 2016, Velvet Events & Buxman Producciones-ek Yo, Feuerbach eskainiko deuskue, Tankred Dorstek sortua, Europako dramagilerik onenetarikoa. Antonio Simon da zuzendaria eta Pedro Casablancek egiten dau interpretazino lana. Gizatasunak dituan handitasun eta miserien erretratua. Ikuskizun eder, bizi eta hunkigarria.

Urteko lehen zatiko plater nagusietako bat, Leioan, Kultur Maratila da, euskal sormena gune dauen jaialdi txiki honen seigarren edizinoa, Artedrama plataformeagaz batera antolatua. Aurrerago prentsaurrekoa eskainiko da horretaz informazino gehiago zabaltzeko.

Zezeilaren 1etik 5era, labeldun sei proposamen eszenikoz gozauko dogu; antzerkia Beheko Larrainegaz, eta ATX Teatroaren Atte hil aurretik eta Fakiu. Dantza, Ertza Dantzaren eskutik, Hariak lanagaz; eta Amorantegaz, Ruper Ordorikagaz, eta Unai Elorriagak eta Gibelurdinekek sortutako ikuskizunagaz, Shane McGowanen gibela.

Zezeilaren 24an, Karl Stetsek Cuerdo aurkeztuko deusku. Ikuskizun horrek antzerkia eta zirkua buztartzen ditu. Protagonistea akrobatea, malabaristea, funanbulistea eta keinu-aktore bikaina da, umore dotorea dauena ganera.

Martiaren 10ean, Una casa de muñecas lana dator Leioara, Arriaga Antzokiaren produkzinoa. Protagonisteak 5 euskal aktore dira, eta Henrik Ibsenen klasikoa eszenara eroateko proposamen batetik abiatuta, antzerkiaren munduaz eta gizarteaz hausnartzen dabe.

Jantzak maite dituenek hurrengo hitzorduak gogoan hartu beharko ditue: urtarrilaren 27an, Galiziako AIREnoAR konpainiak izen bereko ikuskizuna eskainiko dau, jantza garaikidea, soka espezialidadeko zirku barria eta zuzeneko musikea batzen dituana. Ikuskizun desbardina, erabat gomendagarria gazteentzat.

Martiaren 24an, Hendaiako Rouge Élea konpainiak Ceci est la couleur de mes rêves (Hau da nire amesen kolorea) aurkeztuko dau, nortasunaz hausnartzen dauen estilo propioaren bidean, diziplina anitzeko eremuak esploretan dituan jantza eta zirku ikuskizuna.

Apirilaren 5ean, Kukai Dantzak Oskara plazara aurkeztuko dau, Oskara ikuskizunaren sortze prozesuari buruzko dokumentala eta zuzeneko jantzak, eta horrezaz gan, ikuskizuna amaitu ondoren, koreografoa eta zuzendaria dan Jon Mayagaz egoteko aukerea egongo da.

Apirilaren 29an, zapatua, Jantzearen Eguna ospatzeko, Libertino, Vargas & Brûlé andaluziarrena. Flamenkotik abiatutako berezko hizkuntzea, askatasuna ardatz dauena. Dobanekoa Kultur Leioako lagunentzat.

Musikea be bada Kultur Leioako egitarauko protagonistetako bat. Honezkero klasikoa dan Musika Gertu, formatu txikiko zikloa, 3 kontzertu gozagarrigaz helduko dana (25 euroko abonua txarteldegian): urtarrilaren 20an, Gari & Maldanbera, Estutu proiektu barriagaz. Zezeilaren 17an, Dead Combo, fadoa eta bluesa, gitarra eta kontrabaxu bategaz bakarrik, goitik behera erakusten dituan Portugalgo bikotea. Eta martiaren 17an, Clara Peya musikagile eta pianisteak, azkenaldiko sortzailerik originaletarikoak, argitaratu barria dan Oceanes diskoa aurkeztuko dau.

Martiaren 31n, gaur egungo fadistarik ospetsuenetarikoa dan Carla Piresen itxura eszeniko apartagaz gozauko dogu (Auditoriumean, 21:00etan).

Apirilaren 7an (Auditoriumean, 21:00etan), musikea eta jantzak Alos Quartet & Aukeran taldeagaz; Garden lana aurkeztuko dau zuzenean laukoteak, Aukeran Dantza Konpainiaren laguntzinoagaz.

Lau familia ikuskizun be izango dira (Domekatan. Auditoriumean, 18:00retan), etxeko txikienek gozau deien. Urtarrilaren 15ean, Eidabe & Balea Musika Ideiak Baserrian amets proposamenagaz, antzerkia eta musikea, hurreko konsumo arduratsuan hezteko helburuz.

Zezeilaren 26an, Gu. No estamos solos, Borobil Teatroaren eskutik, keinuaren, mobimentuaren, kolorearen eta umorearen bitartez, gure planetea jagotera bultzatuko gaituan aldarria.

Aurrerago, martiaren 12an, Ganso & Cía-ren Kaput lana dator Leioara, zoro optimista eta dibertigarri biren bidaia mutua.

Eta azkenik, Elirale konpainiak Xihiko ekarriko deusku, zuzeneko jantzak eta musikea dituan familia ikuskizuna, ezagutzen ez dogunari deutsagun bildurrari buruzkoa.

Kultur Leioako Lagun txartelaren abantailez gan, eskaintza interesgarriak be izango dira (abonuak, packak, talde sarrerak, gazte eta familientzako eskaintzak). Ez dago atxakiarik Leioara ez hurreratzeko.

Kontuak kontu, aurkezpen hau ezin da amaitutzat jo udalerrian hitzordurik garrantzitsuenetakoa dana nabarmendu barik, Umore Azokea, hain zuzen be. Aurten, maiatzaren 18tik 21era bitartean izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu