Euskerazko 60 ikuskizun eta tailer baino gehiago, Bilboko Ikusi eta Ikasi programan

Bizkaie! 2017-01-10 13:21   Kulturea

Udalak eta Topaguneak alkarlanean antolatzen dabe 2 eta 8 urte bitarteko umeentzako jardueren programea urtero. Urtarrilaren 16an hasiko da 13. edizinoa.

Koldo Narbaiza zinegotzia, Amaia Elizagoien ipuin-kontalaria eta Topaguneko Aritza Escandon | Ikusi handiago | Argazki originala

Dagoeneko ohiturazko hitzordua bihurtu da Ikusi eta Ikasi programea seme-alaba txikiak daukiezan familietan. Aurtengoa 13. edizinoa izango da. Urtarrilaren 16tik apirilaren 5era arte, antzerkia, magia, musika, tailerrak, pailazoak, ipuin-kontalariak eta abar egongo dira Bilboko auzoetan, baita helduentzako berbaldi bereziak be.

Ekimen honen helburua da, ondo paseteagaz batera euskerearen erabilerea bultzatzea uriko umeen artean. Kulturearen aldeko ikuspegia aintzat hartuta, kalidadezko eta euskerazko astialdia dakarz Ikusi eta Ikasik, Bilboko Udalak eta Topaguneak nabarmendu dabenez.

Aurreko urteetan legez, aurtengo eskaintzan be era askotako ikuskizunak eta tailerrak programau ditue, 66 jarduera guztira. Zehatz esanda, 31 ikuskizun, 28 tailer eta gurasoentzako zazpi berbaldi-tailer izango dira. Sendabelarren tailerra izango da aurtengo nobedade nagusia.

Gurasoei zuzendutako berbaldietan be nobedadeak dagoz. Orain arte, gaztelaniaz emon izan dira gehienbat. Aurten, baina, euskerazkoak berreskuratuko ditue. Emozinoak kudeatzen ikasteko berbaldiak izango dira, eta Iñaki Eizmendi izango da gidaria. Euskeraz ez dakien gurasoentzat, ostera, umeei etxeko lanakaz laguntzeko orientazinoa eskainiko dau Eizmendik.

Bilboko hainbat auzotan izango dira emonaldiak, leku publikoetan. Aurten, hiru leku barritara helduko da Ikusi eta Ikasi: Euskerearen Etxera, Abusuko liburutegira eta San Adriango Iruarteta ikastetxera. Ganerako lekuak honeek dira: Abando, Begoña, Basurtu, Errekalde, Castaños, Santutxu eta Zorrotzako udaltegiak; Karmen eta Bilborock aretoak; eta Tiboli eta Zamakola eskolak.

Ikusi eta Ikasi ondo finkatutako hitzordua da umeen astialdiaren arloan. 2005ean sortu zanetik, hazten dagoan ekimena da, bai ikusle kopuruaren aldetik eta baita programautako ekintzen aldetik be. Igaz, 6.505 lagunek parte hartu eben jardueretan.

Egitaraua, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu