Urdaibai Bird Centerrek sekula baino bisitari gehiago izan ditu 2016an

Bizkaie! 2017-01-09 09:06   Kulturea

Hegaztien inguruko zentroko arduradunek azaldu dabenez, 34.280 bisitari izan ditue amaitu barri dan urtean.

Urdaibai Bird Centerren eraikina, padurearen ertzean (argazkia: Urdaibai Bird Center) | Ikusi handiago | Argazki originala

Errekor urtea izan da 2016a Urdaibai Bird Centerren. Sekula baino bisitari gehiago hartu ditue, 34.280, hau da, aurreko urtean baino % 22 gehiago. Bisitari gehienak (% 62) Hego Euskal Herrikoak izan dira. Bisitarien laurenak Espainiakoak izan dira eta Frantziakoak, % 10.

2016ko datuek erakusten dabe museoa bide onetik doala, Urdaibai Bird Centerreko arduradunek azaldu dabenez. Urdaibaiko Biosferearen Erreserbako bihotzean kokatutako gunea da Urdaibai Bird Center eta, hortaz, txoriak ikusteko leku parebakoan dago. Museoaren aurre-aurrean Gautegiz-Arteagako padurea dago, hegaztien migrazinoak ikusteko inguru bikaina.

Horri esker, urte oparoa izan da 2016a, eta ez bisitarien aldetik bakarrik. Izan be, 200 hegazti-espezie behatu dira. Espezie erakargarrienak arrano arrantzalea, mokozabala eta zezen txoria izan dirala dinoe Urdaibai Bird Centerreko arduradunek.

Beste alde batetik, museora joan barik be hango jarduerez disfrutetako aukerea egon da, internet bidezko ekintzei esker. Arrakasta handia izan dau proposamen horrek 2016an. Guztira, etxetik edo sakelako telefonotik 142.000 lagunek parte hartu dabe Urdaibai Bird Centerreko jardueretan. Besteak beste, padurea ikusteko zuzeneko kamerak ikustea, arrano arrantzaleen satelite bidezko jarraipena eta eskolen arteko multikonferentziak egin ahal izan dira internet bidez.

Birdflyway proiektu turistikoa nazinoarteko bihurtu da 2016an. Hegaztien migrazino bideak segiduteko eta aztertzeko jarduerea da hori. Behaketetako tresneria hartu eta herrialde urrunetan Urdaibain egondako txorien bila ibili dira hainbat lagun.

Turismoaz gan, hezkuntza arloan be pozik dagoz Urdaibai Bird Centerreko arduradunak. Guztira, 3.322 ikasle pasau dira zentrotik 2016an (aurreko urtean baino % 39 gehiago), natureagaz lotutako jarduera hezigarriak egiten. Konserbazinoaren arloan be aurrerapausuak egon dira eta, horri esker, Urdaibaiko Erreserban, balio naturalistiko handieneko lekua bihurtu da Bird Center.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu