Pantzart antzerki taldeak 'Plisti-plasta' umeentzako ikuskizuna estreinauko dau gaur Bilbon

Bizkaie! 2017-01-04 10:54   Kulturea

Juan Kruz Igerabideren testuan oinarrituta dago 0 eta 3 urte bitarteko neska-mutilentzako obra hau. Azkuna Zentroan izango dira emonaldiak, eguerdian eta arratsaldean.

Irudia: Pantzart | Ikusi handiago | Argazki originala

Benetako aktoreek eta txotxongiloek parte hartzen dabe Plisti-plasta obran. Gabonak Arte programearen eskutik helduko da Bilboko Azkuna Zentrora, gaur, hilak 4. Lehenengo emonaldia eguerdiko 12:30ean izango da eta bigarrena, arratsaldeko 18:30ean.

Umerik txikienak kontuan hartzen dituan euskerazko obrea da Pantzart taldearen Plisti-plasta. Hiru urtera arteko umeei zuzendutako ikuskizunaren ardatza, holan azaltzen dabe Azkuna Zentroko arduradunek: Orri zuri handi baten moduko espazioan, aktoreek leiho bat topetan dabe, formak eta panpinak bertan mobiduteko. Harago joanda, gauzak agertzen eta desagertzen dira, esaterako txotxongiloak, pailazoak eta koloretako ilargiak, danak Kveta Pacovskaren ilustrazinoetan inspirautakoak. Objektuek, panpinek eta musikeak amesetan egitera konbidetan dauen mundua sortzen dabe, xaboi-burbuila handien eta txikien hodei baten sartzeko, plisti-plasta geldiezinean.

Ainhoa Pineda eta Santiago Ortega dira aktoreak eta azken hori, ganera, txotxongiloak mobiduteaz arduratzen da. Juan Kruz Igerabideren testuak dira antzezlanaren oinarria, baita David Larrinagaren musikea be. Elena Bezanilla da zuzendaria.

Pantzart taldea 2012. urtean sortu zan barrikuntza eszenikoa lantzeko, hainbat edadetako umeak ardatz. Proiektuan garrantzitsuak dira egile garaikideen arte plastikoak, txotxongiloak, musikea eta literaturea. Juan Kruz Igerabideren eta Mariasun Landaren uniberso literarioan oinarritzen da Pantzart bere piezak sortzeko.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu