Bilboko Errege Magoen kabalgateak hamar karroza izango ditu

Bizkaie! 2017-01-03 09:40   Kulturea

Bilboko Udalak azaldu dauenez, aurtengoa kabalgatarik parte-hartzaileena izango da. Ohiko moduan, urtarrilaren 5ean, arratsaldez, ibiliko dira Hiru Errege Magoak uriko kaleetatik.

Itziar Urtasun zinegotzia, karrozen lantegia ikusten (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Zorrotzaurre auzoko karrozen lantegira bisitaldia egin dau Itziar Urtasun Bilboko Udaleko jaietako zinegotziak. Ekitaldi hori aprobetxauta, urtarrilaren 5eko kabalgatearen nondik norakoak jakitera emon ditue. Bilboko Kale Nagusira hurreratzen diranek edurraren fantasiaz, konfetiez eta efektu bisualez disfrutau ahal izango dabela aurreratu dabe antolatzaileek.

Hiru Errege Magoen segizinoak hamar karroza izango ditu eta, ganera, suhiltzaileen kamioi bi, zortzi animazino-talde, zuzeneko musikariak eta garbitzaileen talde bat izango ditu. Guztira, 400 lagunek baino gehiagok parte hartuko dabe kabalgatan, aktoreetatik hasi eta segurtasunaz arduratuko diranetaraino.

Kabalgatearen aurreko partean, Izarren Zaindarien taldea joango da. Salvador Dalí artistearen munduan oinarrituta, publikoaren ganetik ibiliko dira animalia fantastikoak, ikuskizun abangoardista horretan.

Ondoren, Errege Magoak gidatzen dituan Ekialdeko Izar Handia helduko da Bilboko Kale Nagusira. Ganera, ume guztien eskutitzak jasoko ditue. Fussion Street ikuskizunaren eta izotzetako patinatzaileen ostean agertuko dira Errege Magoak: Meltxor, Gaspar eta Baltasar, bakotxa bere karrozan. Iluntzea biribiltzeko, gluten bako 3,5 tona gozoki banatuko ditue, umeek jan daiezan eta kolorea emongo deutsie kaleari, 15 kilo konfeti botata. Biodegradagarria da konfeti hori.

Arratsaldeko 18:00etan hasiko da kabalgatea, Jesusen Bihotzaren plazan. Ordutegi ofizialaren arabera, ordu eta erdi inguruko bidea egingo dabe Hiru Errege Magoek, Kale Nagusian behera. Iluntzeko 19:30ean udaletxera heltzea aurrikusi dabe. Bertan, Juan Mari Aburto alkateak egingo deutse harrerea eta, ondoren, udaletxeko balkoitik berba egingo dabe.

Bilboko Udalak ohartarazo dauenez, Kale Nagusia eta inguruko beste kale batzuk zarratuta egongo dira trafikorako, kabalgatea martxan dagoan bitartean. Era berean, autobus linea batzuk desbideratu egingo dira. Kontuan hartu behar da Errege Magoen kabalgatearen amaiereak bat egingo dauela Athleticek San Mamesen jokatu beharreko partiduagaz. Hartara, autoz Bilbon sartzea gatxa izango da eguen iluntzean eta garraio publikoa erabilteko gomendioa egin dau Udalak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu